Victor Ericek Donostia Saria jasoko dau

Bizkaie! 2023-08-22 12:30   Zinemea

Galea irailaren 29an izango da Victoria Eugenia Antzokian.

Victor Erice zinemagile karrantzarrak, Donostia Saria jasoko dau 71. Donostia Zinemaldian, zuzendariaren bakarkako lehen film luzeari, El espíritu de la colmena, Urrezko Maskorra emon eta 50 urtera. Saria jasotzeko galea irailaren 29an (barikua) izango da Victoria Eugenia Antzokian. Bertan, zinemagilearen azken filma, Cerrar los ojos, emongo baita.

Zinemaldiak duela sei urte emon eutson hasierea Donostia Sarien arlo barri bati, arte zinematografikoari ekarpen eztabaidaezina egin jaken zinemagileakaz lotuta. Ondokoak izan dira sarituak orain arte: Agnès Varda (2017), Hirokazu Kore-eda (2018), Costa-Gavras (2019) eta David Cronenberg (2022).

2023an Donostia Zinemaldiak omenduko dauen zinemagileak lau film luze baino ez ditu zuzendu, baina sari ugari irabazi ditu, esaterako, zuzendaritza onenaren Zidarrezko Maskorra, film onenaren Urrezko Maskorra eta Cannesko zinema-jaialdiko Epaimahaiaren eta Nazinoarteko Kritikaren Sariak.

Galan, Cannesko eta Torontoko jaialdietatik pasau ondoren, Cerrar los ojos filma eskainiko da. Ana Torrent aktoreak, El espíritu de la colmena filmaren protagonistea, errealizadoreari saria entregetako eginkizuna izango dau. Donostia Saria emongo dan egunean bertan, irailaren 29an hain zuzen, estreinauko da filma estaduko zinema-aretoetan.

Kontuak kontu, sarrerak irailaren 4an jarriko dira salgai hemen.

José Luis Egea, Víctor Erice eta Claudio Guerín zinemagileak María Cristina hotelean. Argazkia: Donostia Zinemaldiaren Artxiboa

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu