'Kimitachi wa Do Ikiruka' Hayao Miyazakiren filmak inaugurauko dau 71. Donostia Zinemaldia

Bizkaie! 2023-08-17 13:44   Zinemea

Irailaren 22an emongo dabe filma lehiaketatik kanpo.

Hayao Miyazaki zinemagile japoniarraren film luze barriak, Kimitachi wa Do Ikiruka izenekoak, lehiaketaz kanpo inaugurauko dau 71. Donostia Zinemaldia. Irailaren 22an Kursaal Auditoriumean egingo dan inaugurazino galearen ondoren eskainiko dabe.

Irailaren 7an Torontoko zinema jaialdian izan ondoren, lan barriaren estreinaldia egingo dau Europan, Donostiako Zinemaldian hain zuzen be.
 
Hayao Miyazakik (Tokio, 1941) Studio Ghibli sortu eban 1985ean, Isao Takahatagaz batera. Harrezkero, film ugari zuzendu ditu, esaterako, Tenku no Shiro Rapyuta (1986), Tonari no Totoro (Totoro auzokidea, 1988), Majo no Takkyūbin (1989), Kurenai no Buta (1992) eta Mononoke-hime (Mononoke Printzesa, 1997). Sen to Chihiro no Kamikakushi (Chihiroren bidaia, 2001) filmak marka guztiak hausi zituan sari ugari lortuz, besteak beste, Berlinaleko Urrezko Hartza eta animazinozko film onenaren Oscar saria. Gainera, Hauru no Ugoku Shiro (2004) ikus-entzunezkoa, animazinozko film onenaren Oscar sarirako izentau eben.

2012an, Miyazaki Kultura Merezimenduko Persona izentau eban Japoniako Gobernuak eta 2014an, ohorezko Oscar saria jaso eban bere ibilbide osoagatik. Zinemagile japoniarraren filmak, programetan diran laugarren aldia izango da, baina lehenengoz parte hartuko dau Sail Ofizialeko kide bezela.

Inaugurazino-galarako sarrerak irailaren 4an jarriko dira salgai hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu