Badakigu nortzuk izango diran Urrezko Maskorra irabazteko lehian
2023-07-10 07:50 ZinemeaDonostia Zinemaldiaren 71. edizinoa, irailaren 22tik 30era bitartean izango da.
María Alché eta Benjamín Naishtat, Robin Campillo, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Raven Jackson, Cristi Puiu eta Martín Rejtman zuzendarien filmak 71. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektauko ditue eta pelikularik onenaren Urrezko Maskorra irabazteko hautagai izango dira, jaialdiko arduradunek jakitera emon dabenez.
Maria Alchek eta Benjamin Naishtatek alkarregaz zuzendu dabe Puan filma. Horretan, unibersidadeko katedra batek aurrez aurre jarten dituen irakasle biren rola antzezten dabe Marcelo Subiotto eta Leonardo Sbaraglia aktoreek. Alchek, Horizontes saria irabazi eban haren lehen film luzeagaz, A Family Submerged, 2018an hain zuzen be. Naishtatek, bestalde, zuzendari onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban Rojo (2018) filmari esker.
Raven Jackson (Tennessee, AEB. 1990) Donostian lehiatuko da haren lehen filmagaz, baina hartu-emon estuak ditu jaialdiagaz. Batetik, Nest sailean parte hartu eban, zinema-ikasleen nazinoarteko film laburren lehiaketan, Nettles (2018) obreagaz eta, bestetik, Ikusmira Berriak programan, Zinemaldiaren 71. edizino honetan aurkezten dauen All Dirt Roads Taste of Salt filma garatu dau.
Robin Campillo zinemagile frantziarra lehenengoz lehiatuko da Donostian, Lile Rouge filmagaz. 2017an 120 battements par minute obreagaz Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia iraazi ondoren, haren laugarren lana aurkeztuko dau.
Joachim Lafosse (Uccle, Belgika. 1975) lehiaketa ofizialera bueltauko da hamargarren film luzeagaz, A Silence dramak Emmanuelle Devos eta Daniel Auteuil ditu protagonista. 2015ean zuzendari onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban Les chevaliers blancs filmari esker.
Quitters (2015) filmagaz debuta egin ondoren, Noah Pritzker (San Frantzisko, AEB. 1986) Donostian izango da lehen aldiz, haren bigarren film luzea aurkezten; holan, Ex-Husbands pelikuleak familia bereko gizonen gorabehera sentimentalak islatzen ditu.
Cristi Puiu zuzendari errumaniarraren lanak Cannesko eta Karlovy Varyko zinema jaialdietan izan dira. 2016an Sieranevada filmea Perlak sailean parte hartu eban eta aurten lehiaketa ofizialean izango da MMXX pelikuleagaz.
Martin Rejtman La Practica komediagaz parte hartuko dau lehen aldiz Sail Ofizialean. Zuzendariaren aurreko film batzuk Donostian izan dira; Silvie Prieto (1999), Los Guantes Magicos (2004) edota Dos Disparos (2014) esaterako.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!