Hiroshi Teshigahara zuzendari japoniarraren atzerabegirakoa eskainiko dabe

Bizkaie! 2023-06-30 12:14   Zinemea

Zinemagileari egindako alkarrizketen liburu bat argitaratuko da.

Donostia Zinemaldiak Hiroshi Teshigahara (1927-2001) zuzendariari eskainiko deutso zinema klasikoko atzerabegirakoa, Euskadiko Filmategiagaz batera atonduta eta Japan Foundation-en eta Etxepare Euskal Instituaren laguntzagaz (Euskadi-Japan 2023 programearen barruan).

Hiroshi Teshigahara 1960ko hamarkadako zinema japoniarraren ezinbesteko egilea da, poetika esperimentaleko film txorta bati eta Kobo Abe idazleagaz egin eban alkarlan luzeari esker. Espainian zabaldu zan film bakarrak, Suna no onna / Woman in the Dunes (1964), oso ondo laburbatzen dau ha garai eta Teshigahararen estiloa.

Teshigahara Tokion jaio eta hil zan. Arte Ederak ikasi eta 1950eko hamarkadearen erdialdean, film labur dokumentalaren eremuan debutau eban. Beraz, dokumentalagazko interesak eragin handia izan eban, ondorioz, fikzinozko film luzeak egiten hasi zan. Haren film laburra, Hokusai, 1953koa da eta lehen film luzea, Otoshi-ana / The Trap, 1962koa. Gainera, Suna no onna / Woman in the Dunes filmari esker, nazinoarteko oihartzuna izan eban, Cannesen Epaimahairen Sari Berezia irabaziz eta Oscar sarietan, barriz, ingelesez besteko film onenean nominazinoa jasoz. Dana dala, batera edo bestera, gai eta filmeteko modu barrien bitartez zinema japoniarra irauli eban.

Teshigahararen filmetako bik Zinemaldiaren aurreko edizinoetan parte hartu dabe,; hain zuzen be, Suna no onna filmak 1985eko edizinoko Errautsak eta diamanteak zikloan, eta Moetsukita chizu filmak 2008ko edizinoko Japonia beltzean atzerabegirakoaren barruan. Zikloa osotzeko, Conversaciones con Hiroshi Teshigahara liburua argitaratuko da. Daniel Aguilarrek itzuli dau japonieratik gaztelaniara.

Donostia Zinemaldiaren 71. edizinoan, irailaren 22tik 30era egingo dana, guztiz ezagutzen ez dogun zuzendari horren filmografia osoa emongo da.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu