Javier Bardem da protagonista 71. Donostia Zinemaldiaren kartelean

Bizkaie! 2023-05-12 12:21   Zinemea

Bardemek Donostia Sari bat jasoko dau 71. Donostia Zinemaldian.

Aktore espainiarra birritan izango da protagonista Zinemaldian: Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena –1986. urtetik aurrera zinemearen munduko persona handien ibilbidea eta ekarpena autortzeko emoten dana– jasoko dau; bestetik, aurtengo kartel ofizialaren irudia izango da.

Sariak emoteko 71. edizinoaren inaugurazino galan egingo da, irailaren 22an, Kursaal Auditorioan, Bardem Zinemaldira lehenengoz etorri zanetik hogeita hamar urte igaro ondoren; 1993. urtean Bigas Luna zuzendariaren Huevos de oro filma Sail Ofizialean emon zanean egon zan Donostian.

Javier Bardem gaur egun nazinoarteko autortzarik handieneko aktore espainiarra da; ehun saritik gora eskuratu ditu, besteak beste, Oscar, Urrezko Globo eta BAFTA bana No Country for Old Men filman egindakoagaitik (2007); Goya bana Días Contados (1994), Boca a boca (1995), Los lunes al sol (2002), Mar adentro (2004), Biutiful (2010) eta El buen patrón (2021) filmatan eghindakoagaitik; eta dokumental onenaren Goya saria Hijos de las nubes, la última colonia (2012) filma produziduteagaitik. Horrezaz gan, Europako Zinema Akademiaren saria, Platino saria eta zinema-jaialdi nagusien autortzak be jaso ditu: aktore onenaren saria Cannesen (Biutiful, 2010), Volpi Kopa Venezian (Before Night Falls, 2000; eta Mar adentro, 2004) eta Zidarrezko Maskorra 1994. urtean (Días Contados eta El detective y la muerte).

Donostiak aktorearen ibilbidearen bilakaereari jarraitu deutso azken hiru hamarkadetan, jaialdira egin dituan hogei bisiten bitartez; lehenengoa Huevos de oro izan zan (Bigas Luna, Sail Ofiziala, 1993); azkenekoa, El buen patrón (Fernando León de Aranoa, Sail ofiziala, 2021); 1994an aktore onenaren Zidarrezko Maskorra be jaso eban Imanol Uriberen Días contados eta Gonzalo Suárezen El detective y la muerte filmakaitik; Álex de la Iglesia eta Pedro Almodóvar zuzendariakaz lankidetzan egindako lanakaitik be izan da Donostian 1997an eta 1998an (Perdita Durango –Belodromoa– eta Carne trémula –Made in Spain–, hurranez hurran); azkenik, John Malkovich estadubatuarrari Donostia Saria emotera be etorri zan 1998an. Zinemaldia Bardemen nazinoarteko ibilbidearen hasierearen lekuko izan da, Before Night Falls (Julian Schnabel) Zabaltegi-Perlak sailean emon baitzan; era berean, 2000. urtean Robert de Nirori Donostia Saria emon eutson eta urte bi aurrerago, ganera, John Malkovichen The Dancer Upstairs lana Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu eban. Bardemen ibilbidea sendotzeko prozesuaren lekuko be izan da Zinemaldia Los lunes al sol (Fernando León de Aranoa, Sail Ofiziala, 2002) eta Vicky Cristina Barcelona (Woody Allen, Zabaltegi-Perlak, 2008) filmakaz; 2008an, Zinematografiako Sari Nazionala irabazi eban Bardemek, Julia Robertsi Donostia Saria emoteaz eta Eat Pray Love (Ryan Murphy, Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo, 2010) aurkezteaz gan. Eta Bardemek produzidutako lanak be izan dira Zinemaldian: Hijos de las nubes, la última colonia (Made in Spain, 2012), Bigas x Bigas (Sail Ofizialeko emanaldi berezia, 2016), Loving Pablo (Perlak, 2017) eta Sanctuary (2019).

Javier Bardem Zinemaldiko ohorezko saririk garrantzitsuena jaso dauen seigarren interprete espainiarra da, Fernando Fernán Gómez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008), Carmen Maura (2013) eta Penélope Cruzen (2019) ondoren.

Zinemaldiak kartel-linea barria ezarri eban 2018an, zinematografia garaikidearen figura bat buru ebala. Isabelle Huppert, Penelope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver eta Juliette Binoche izan dira, Bardemen aurretik, Zinemaldiaren irudi ofizial eta aurten Dimensión publizidade-agentziak sortu dau irudi ofiziala, Nico Bustos argazkilariak egindako argazkitan oinarrituta. Irudi-gainezarpenak, orri akastunen baliabidearen bidez, Javier Bardemen aldakortasun-talentua eta gorpuzten dituan personaietan eraldatzeko dauen ahalmena omentzen ditu.

Sarrerak irailaren hasieran egongo dira salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu