'El vasco' filmak publikoaren saria irabazi dau Chicagon
2023-05-05 10:11 ZinemeaJabi Elortegi bermeotarraren filma da.
Pausoka Entertainment-ek (Euskal Herria), Prisma Cinek (Kordoba, Argentina) eta Oeste Films-ek (Mendoza) produzidutako filma urrian estreinau eben zinema-aretoetan eta harrera bikaina izan dau nazinoarteko jaialdietan be.
Jabi Elortegik zuzendutako El Vasco (Dear Grandma) filmak publikoaren saria irabazi dau Chicago 39. Latino Film Festival ospetsuan.
Pausoka, Prisma Cine eta Oeste Films etxeen koprodukzino euskal-argentinarra Donostiako Zinemaldiaren aurreko edizinoan estreinau eta Espainiako aretoetatik igaro ondoren, gaur egun HBOmax Spainen ikusi daiteke.
Pelikulea Miami eta Nanteseko jaialdietan be erakutsi dabe. Jabi Elortegi zuzendariak adierazo dau oso polita da ikusleen harrera bikaina ikustea Donostia, Nantes, Miami eta Chicago lako urietan. Latinoamerikan eta Argentinan estreinetako gogo handia daukat.
Bestalde, Antonio Pita produktore argentinarrak azaldu dauenez, sari honek erakusten dau historiaren unibersaltasunak ateak edegiten ditu eta mundu osoko ikusleakaz funzionetan dau eta horrek poztu egiten gaitu eta erakusten deusku filmak harrera oso ona izan leikela bai Argentinan, bai Latinoamerikan, baita AEBetan be.
Filmaxek nazinoartean banatzen dauen filmak, EITBren parte-hartzea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundia, INCAA, FilmAndes eta Kordobako Ikus-entzunezko Poloaren kolaborazinoa izan ditu.
Sinopsia
Mikelek bizimodua aldatzea erabagi dau eta Argentinara doa bertan biziteko urrutiko senide baten gonbidapena onartuta. Halan da be, laster konturatuko da osaba Chelo ludopata atsegin eta edale bat besterik ez dala eta ez dauela ezer eskaintzeko.
Ganera, egoerea sano nahasten da amuma Dolores, Cheloren ama, hamar urteko lozorrotik esnatzen danean Mikeli lo-kanta bat euskeraz abesten entzukeran eta bere anaia Juanitogaz, Mikelen aititagaz dabilenean. Une horretatik aurrera, herri osoa saiatuko da Doloresi sinistuarazoten 50eko hamarkadan Bermeo jaioterrian jarraitzen dauela. Mikelek Chelo eta Begoñaren artean, Doloresen seme bien artean gogor egin beharko du, Amuma Doloresen jagole alaia dan Inesen laguntza eta konplizidadeagaz.
Fitxa artistikoa
Aktoreak: Joseba Usabiaga, Eduardo Blanco, Itziar Aizpuru, Inés Efrón eta Laura Oliva.
Zuzendaria: Jabi Elortegi.
Gidoia: Xabi Zabaleta, Arantxa Cuesta.
Musikea: Fernando Velázquez.
Argazki zuzendaria: Jon Sangroniz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!