Al Di Meola, Jazzmeia Horn, Marc Ribot...

Bizkaie! 2023-03-24 08:04   Musikea

Getxo Jazz 2023, bagilaren 28tik garagarrilaren 2ra.

46. Getxoko Nazinoarteko Jazzaldia daborduko berotzen hasi da. Kontzertu nagusietan lehenengo hiru taldeak iragarri ditue: Al Di Meola gitarrista ospetsua, beste genero eta estilo batzuekaz bat egitearen adierazle nagusietakoa; Jazzmeia Horn jazz-belaunaldi barriaren etorkizun oparoko abeslaria; eta Marc Ribot, egungo musika-eszenako gitarristea eta sortzaile handia. Talde Lehiaketako kontzertuen ondoren (21:00) Muxikebarrin egingo diran ordainpeko kontzertuetarako sarrerak maiatzaren 2an jarriko dira salgai Getxoko Kultur Etxeko ohiko kanaletan.

Jazzmeia Hornek (1991, Dallas) izango da lehenengo egunean joko dauena. Afrikar jatorriko artista iparramerikarra nazinoarteko jazz-eszenako ahotsik ederrenetako bat da azkenaldian. 2015ean, Thelonious Monk lehiaketa entzutetsua irabazi eta 2013an, Sarah Vaughan International Jazz Vocal Competition saria. New School for Jazz and Contemporary Music graduau ondoren, sidewoman ibilteari ekin eutson Winard Harper, Junior Mance, Vincent Gardner, Mike Peter Bernstein, Johnny O Neal, Vincent Herring, Frank Wess eta Ellis Marsalis musikari ospetsuentzat. 2017an kaleratu eban bere lehen diskoa, 'A Social Call' eta horri esker 2018ko Grammy sarietan izentau eben. 2020an izentapena jaso eban, oraingoan 'Love & Liberation' bigarren lanagaitik. Orain arteko hirugarren eta azken diskoa 'Dear Love' da eta bertan Nancy Wilson eta Betty Carter lako musikarien eragina nabaria da, baina gaur egungo jazzari begiratzeari itxi barik.

Bagilaren 30ean, barikuan, Marc Riboten (1954, New Jersey) txandea izango da, egungo jazzeko gitarristarik onenetako bat. Haren musikeak, beti inprobisatua eta esperimentala, loturarik bakoa, rock gordin, zuzen eta zaratatsuagaz bat egitea dau helburu. 40 urte baino gehiagoko ibilbidean musikari handiakaz kolaborau du, besteak beste, Tom Waits, Laurie Anderson, John Lurie, McCoy Tyner, Marianne Faithfull, Caetano Veloso, Norah Jones, Elvis Costello, T-Bone Burnett, David Sylvian eta Marisa Monte. The Jazz Passengers, Los Cubanos Postizos eta The Lounge Lizards taldeakaz jo dau eta John Zorn handiagaz be ibili da. Getxora Ceramic Dog hirukotea izango dogu oholtzan, Shahzad Ismaily bajua eta multi-instrumentistea eta Ches Smith bateria batzen dituan free jazz eta punk-funk hirukote leherkorra. Lehen diskoa, 'Party Intellectuals', 2008an argitaratu eben eta, ondoren, 'Your Turn, 2013an' eta 'YRU Still Here?', 2018an. 2021eko bagilean, 'Hope' aurkeztu eben eta lan barria bagilean kaleratuko dabe.

Al Di Meola

Al Di Meolaren (1954, Jersey City; New Jersey) txandea garagarrilaren 1ean izango da. Gitarrearen birtuosoa, bilaketa harmonikoak eta erritmiko ausartek oso nortasun berezia emon deutse haren musikeari, interpretazino zoragarria eta sonoridade bikaina. Bostongo Berklee College of Music ospetsuan ikasi eban eta ikasgelak itxi eta Barry Milesen boskoteagaz batu zan. 1974an, Chick Corea eta Stanley Clarkeren orkestran parte hartu eban eta urte bi  aurrerago jazz-rock izarrakaz kolaboretan hasi zan, hala nola Jan Hammer, Steve Winwood, Jaco Pastorius eta Mingo Lewisekin. 80ko hamarkadaren hasieran, Paco de Lucía eta John McLaughlin gitarrista handiekin batera, mundu osoan zehar biran dabilen hirukote arrakastatsu bat osatu zuen, 'Passion, Grace & Fire' albuma grabatuz. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, beste hirukote bat jarri zuen martxan, Jean-Luc Ponty biolin-jotzailearekin eta Stanley Clarke baxu-jotzailearekin batera. Hainbat generotako artistekin ere kolaboratu du: Luciano Pavarotti, Paul Simon, Phil Collins, Carlos Santana, Steve Winwood, Stevie Wonder, Jimmy Page eta Steve Vai, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu