Paul Urkijoren 'Irati' zezeilaren 24an estreinauko da zinema-aretoetan

Bizkaie! 2023-02-24 08:30   Zinemea

PreFANT-en eskutik bart aurrestreinau eben Bilbon.

Filma FANTeko Zuzendari Justo Ezenarrok, Irati filmaren Zuzendari Paul Urkijok eta Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy eta Itziar Ituño aktoreek aurkeztu dabe bart Bilbon eta aurrestreinaldia be izan da.

Irati Paul Urkijoren bigarren film luzea da, Errementari, opera primaren ondoren datorrena. Paul Urkijo FANT jaialdiaren aspaldiko ezaguna da. Jaialdian bere film labur asko aurkeztu ditu eta 2018an, Fantrobia Saria emon eutsen, generoaren barruan gorabidean dagoan persona bat saritzen dauena.

Txiki-txikitatik zinemea, ilustrazinoa, literaturea eta komikiak maite izan ditu eta genero fantastikoa dau gustuko. Mitologia eta ipuin tradizionalen zale amorratua da. Berak idatzi eta zuzendutako film laburrek 85 sari eta 400 selekzino baino gehiago irabazi ditue mundu osoko zinemaldietan.

Irati filmak VIII. mendean kokatzen dau publikoa. Kristinautasuna indarra hartzen dago Europan eta sinismen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armadea Pirinioak zeharkatzera doala, Ibar jaunak laguntzea eskatzen deutso antxinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bitartez, arerioa zapaltzen dau, trukean bizitzea emonda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazoten deutso bere herria babestu eta gidatuko dauela aro barrian. Urte batzuk aurrerago, misino bategaz egingo deutso aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko dau, modu paganoan lurperatuta dagoana Karlomagnoren altxorragaz batera. Kristinau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntzea beharko dau, Irati deituriko emakume enigmatiko bat. Gazte biak oihan bitxi eta ilun batean sartuko dira eta bertan, dinoenez, izena dauen guztia bada.

Fitxa teknikoa

- Jatorrizko izenburua: Irati

- Urtea: 2022

- Zuzendaria: Paul Urkijo Alijo.

- Gidoia: Paul Urkijo Alijo.

- Musikea: Maite Arroitajauregi eta Aránzazu Calleja.

- Erretratuak: Gorka Gómez Andreu.

- Aktoreak: Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Elena Ruíz, Iosu Eguskiza, Kepa Errasti, Iñaki Beraetxe, Iñigo Aranbarri, Ramón Agirre, Miren Tirapu, Aitor Barandiaran eta Gaizka Txamizo.

- Produktoreak: Bainet Zinema, Ikusgarri Films, Kilima Media, ETB

- Generoa: Fantastikoa. Abenturak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu