XV. BBK Mendi Film-ek 9.000 ikusle izan ditu

Bizkaie! 2022-12-20 13:53   Zinemea

Pandemia aurreko datuetara bueltau da jaialdia.

Aretoa beteta, 2022ko edizinoan (argazkia: BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko edizino bietan osasun arrazoiakaitik ezarritako murrizketak ahaztuta, XV. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia festibaleko publikoak muga barik gozau ahal izan dau egitarauaz, abenduaren 9tik 18ra. Ikusleen kopuruan igarri da hori, pandemiaren aurreko datuen parera heldu diralako aurtengoak.

Hain zuzen be, 9.000 ikusle batu dira, saio guztiak kontuan hartuta, hau da, eskuragarri egon diran lekuen % 74 bete dira. Okupazinoa 2018ko eta 2019ko edizinoetan baino handiagoa izan da. Igazko murrizketadun edizinoan baino 1.500 lagun gehiago izan ditu aurten jaialdiak.

Alpinismoaren, abenturearen eta naturearen inguruko zinemearen topaleku izan da abenduan Bilbo. XV. Mendi Film-en barruan, 59 film emon ditue, 14 herrialdetakoak, tartean mundu mailako 16 estreinaldi. 16 kategoriatan 13 pelikula irabazle egon dira, guztira 25.200 euro saritan. Ganera, International Alliance for Mountain Film-en sari nagusia Bilbon emon deutse Michael Dillon zinemagile australiarrari.

Mendiko nazinoarteko komunidadeko ordezkari ugari be Bizkaira etorri dira egunotan, festibaleko aurkezpen eta berbaldietan parte hartzeko. Frantziatik, Belgikatik, Erresuma Batutik, Esloveniatik, Poloniatik, Australiatik, Ruandatik eta Estadu Batuetatik etorritako 50 konbidadu baino gehiago izan ditue aurten.

Abenduko egitarauan erakutsitako film nabarmenak herririk herri eroateko, urtean zehar egiten da Mendi Tour zikloa. 2022an, 46 herritan atondu ditue proiekzinoak, eta danetara 10.050 bat ikusle batu dira.

2023ko Mendi Film egiteko prestakuntzak be hasita dagoz dagoeneko. 16. edizinoa datorren urteko abenduaren 8tik 17ra egingo dabe. Ondo egindako lanaren inspirazinoak eta energia onak eta mendizaleen komunidadeak emondako babesa eskertu ditue antolatzaileek, eta aurrera egiteko indarra hortik aterako dabela dinoe: Zorionekoak gu, mendiko kulturearen transmisore izateagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu