Mendizaleen topaleku izango da XV. BBK Mendi Film abenduaren 9tik 18ra

Bizkaie! 2022-11-23 08:16   Zinemea

Egitarauan 59 film dagoz, tartean nazinoarteko 16 estreinaldi.

Jente ugari batu da 15. edizinoaren aurkezpenean (argazkia: Mendi Film/E. Moreno Esquivel) | Ikusi handiago | Argazki originala

Naturea, mendia eta abenturea zinemearen bidez ikusteko aukerea emongo dau beste behin BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia Festibalak, mendizaleak zein zinemazaleak aseko dituan programazino beteari esker. Proiekzinoak ez eze, berbaldiak, topaketak, aurkezpenak eta sari banaketak dagoz egitarauan.

Aurtengo edizinoa, 15.a, abenduaren 9tik 18ra egingo dabe. Honen inguruko azalpenak emon ditue Mendi Filmeko zuzendari Jabier Garaiazarrak eta presidente Eduardo Martinezek. Erakunde publikoetako eta enpresa babesleetako arduradunak be egon dira aurkezpenean: Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Andoni Iturbe, Bizkaiko foru diputadu Lorea Bilbao, Bilboko Udaleko Iñaki Lopez Aguileta eta BBK Fundazinoko buru Gorka Martinez.

Aurreratu dabenez, 14 herrialdetako 59 film ikusi ahal izango dira aurten, horreetatik 56 Sail Ofizialekoak. Nazinoarteko 16 estreinaldi dagoz egitarauan, eta Europan lehenengo aldiz ikusiko dan beste film bat be bai. Palmaresean 14 sari egongo dira, baita autortza bi be: WOP Saria Eduardo Martinez Pison geografoari eta IAMF Sari Nagusia Michael Dillon zinemagileari.

Euskal Herriko zuzendaria edo produkzinoa daben hamar film dagoz Sail Ofizialean. Proiekzino guztietan euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluak ipiniko ditue.

Epaimahaian nortzuk egongo diran be aurreratu dabe dagoeneko. Lisa Stolze, Laura Zumiani, Iratxe Fresneda, Josue Vergara eta Albert Pascual dira.

Sail Ofizialetik kanpo aurkeztuko diran hiru pelikuletatik bi Zabalandi atalekoak dira: Everest, Sea to Summit eta Into the Ice. Bestea, 2022an Mendi Film-Bizkaia Ternua Bekea irabazi eban lanaren emoitzea da, Marina Garcia Andreuk zuzendutako Lobos.

Hiru egoitza nagusi izango ditu 15. edizinoak, hau da, BBK Salea, Golem aretoak eta Euskalduna Jauregia. Danetara, 31 saio egingo ditue, baita lau berbaldi eta hiru erakusketa be. Konbidaduen artean, nazinoarteko ospea daben mendizale, naturzale zein zinemagileak dagoz, besteak beste, Sebastian Alvaro, Alastair Lee, Will Sim, Haizea Oses, Sonia Casas, Joyleen Tugume...

Bestetik, Mendi Film Festivalek eta Sua argitaletxeak alkarregaz plazaratzen dabizan saileko hirugarren komikia aurkeztuko dabe jaialdiaren barruan. Oraingo honek Andres Espinosa mendizale zornotzarraren ibilerak kontetan ditu, Ramon Olasagastien testuen eta Cesar Llagunoren marrazkien bidez.

Aurtengo edizinorako sarrerak erosteko bizkor ibilteko eskatu dabe antolatzaileek. Izan be, txartelak aurretiaz erosi ezkero, egunean bertan erosita baino merkeago dagoz.

Egitaraua eta sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu