'Hopper oilaskoerbia' zinema-aretoetara helduko da gaur, barikua
2022-10-28 09:22 ZinemeaZinema Euskaraz programeari esker estreinauko dabe.
Hego Euskal Herriko sei zinema-aretotan ikusi ahal izango da Hopper oilaskoerbia marrazki bizidunetako filma euskerara bikoiztuta, gaur, hilak 28, hasita. Zineuskadi erakundearen Zinema Euskaraz ekimenari esker helduko da pantaila handira Ben Stassen eta Benjamin Mousquet belgikarrek zuzendutako lana.
Zinema Euskaraz egitasmoan ohikoa dan lez, Hopper oilaskoerbia umeentzat eta euren familientzat aproposa da. Hopper oilaskoaren eta erbiaren arteko nahastea da, Pedro erregearen semea eta personaia abenturazalea. Bere ingurukoakaz konparauta desbardina danez, onarpena bilatzea dau helburu.
Abe dortokeagaz eta Meg mofeteagaz batera, abenturaz betetako ibilaldiari ekingo deutso Hopperrek, Iluntasunaren Hamster izeneko erlikia diruzalearen bila. Lapin gaiztoa, erreinuko pakea mehatxupean jarri dauen gaizkilea baino lehen heldu behar dira.
David Collard da film honen gidoilaria. Jatorrizkoa frantsesez da (Hopper et le hamster des ténèbres), baina euskeraz ikusi ahal izango da areto batzuetan: Donostiako Antiguo Berrin, Bilboko Golem Alhondigan, Iruñeko Golem La Morean, Getxo Zinemak-en, Gasteizko Gorbeian eta Errenteriako Niessenen.
Zinema Euskarazen ekimenez euskerara bikoiztu dan zazpigarren filma da aurten. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea eta familiei aisialdia euskeraz gozetako aukerea emotea dira egitasmo horren helburuak. Hurrengo estreinaldia Gabi izango da, zemendiaren 25ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!