Euskerazko ikus-entzunezkoak egiteko VII. Benito Ansola Sariak epea zabaldu dau

Bizkaie! 2022-10-24 10:26   Zinemea

Deialdia, 2022ko urriaren 23tik 2023ko urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik.

Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Udala eta Euskal Zinema Bilereagaz batera atontzen dauen Benito Ansola Sariaren VII. Edizinoko izen-ematea gaurtik 2023ko urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik. Benito Ansola Saria 18 eta 36 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta irabazleak 3.000 euroko ordainsaria izango dau proiektua landu eta gauzatzeko.

Deialdi honetara disziplina askotako ikus-entzunezko lanen proiektuak aurkeztu daitekez (fikzinoa, sorkuntzea, animazinoa nahiz dokumentalak). Baina hori bai, originalak izan behar dira; hau da, inon argitaratu bakoak, ezta beste inondik moldatuak be. Horretarako, sariaren oinarrietan agertzen diran baldintzak bete beharko ditue parte-hartzaileek eta aurkezten dituen lanek.

Aurtengo edizinoko epaimahaian Izaskun Urkijo eta Maider Oleaga zinemagilea dagoz. Lan guztien artean 3 finalista hautatu eta zezeilean egingo dan online Pitching saio baten ondoren izentauko da lan irabazlea. Ondoren, 2023ko Lekeitioko Euskal Zinema bileran proiektuaren aurkezpen bat egingo dau sarituak, Benito Ansola sariari eskainitako espazioan.

Benito Ansola sariaren helburua euskal kulturea zabaldu eta sortzaile gazteei euskerazko ikus-entzunezkoak produzifuten laguntzea da. Helburu horretan bat datoz ekimenaren sustatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzea, Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzea.

Benito Ansola sariko zuzendari irabazleak

Gazteei euskerazko ikus-entzunezko lanak egin deiezan bidea zabaltzeko sortua, Benito Ansola Sariak VII. Edizinoa beteko dau aurten. Urteotan, gaur egun zinemagintzan bide oparoa egin daben hainbat zuzendari dagoz, besteak beste,: David Zabala, Paul Urkijo, Aitor Gametxo, Maider Fernandez, Oier Fuentes edo Imanol Gurrutxaga, sariaren igazko irabazlea.

Benito Ansola sariei buruzko informazinoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu