Eñaut Castagneten 'Muga', 45. Zine Bilerako film onena
2022-10-24 09:24 ZinemeaZuzendaririk onenaren saria Aitzol Saratxagarentzat izan da.
Euskerazko zinemagintzarik freskoenaren topaleku izan da Lekeitio aurreko egunetan, martxan egon dalako 45. Euskal Zine Bilera. Hogei film lehiatu dira eta lauk lortu dabe sariren bat eta beste batek aitamen berezia. Ikusgarri aretoa bete-beteta egon zan zapatuan, sarituen barri emoteko ekitaldian, eta antolatzaileek aukerea aprobetxau eben aurtengo balantzea egiteko: Genero eta izakera oso ezbardinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozetako aukerea egon da.
Irabazleen artean, Eñaut Castagneten Muga da nabarmenena, harentzat izan dalako 45. Zine Bilerako pelikularik onenaren saria. Immigrazinoa, maila sozialak eta laneko esplotazinoa jorratzen dituan western egituradun filmak tensinoari eusten deutso hasieratik amaitu arte, epaimahaiaren ustez. Kamerearen eta musikearen erabilera bikaina be azpimarratu dabe. Urrezko Antzarra eta 3.000 euro eroan ditu Muga-k.
Zuzendaritzarik onenaren kategorian, ostera, Aitzol Saratxagaren Lanbroa izan da irabazlea. Baliabide narratiboak ikus-entzunezko lengoaiaren bitartez adierazo eta genero fantastikoaren kodeak modu parebakoan erabilten ditualako emon deutse Zidarrezko Antzarra, baita 1.600 euro be.
Gidoi onenari jagokonez, Raul Barrerasen Arnasa aukeratu dabe epaimahaikideek. Hunkigarria izateaz gan, narratibaz biribila dala eta errespetuzko mezua adierazoten dauela dinoe epaimahaikoek. Zidarrezko Antzarra eta 750 euro emon deutsiez egileei. EITB Ikusleen Saria, ostera, publikoak Zine Bilerako proiekzinoen ostean emondako eretxietan oinarritzen da eta Raul Barrerasen Arnasa izan da honetan be irabazlea.
Azkenik, Gazte 22 Saileko onena Nagore Murielen Erro bi izan da. 22 urte edo gitxiagoko zuzendariek hartzen dabe parte atal horretan eta Sail Ofizialerako aukeratu daben 22 urtez azpiko zuzendari bakarra Muriel izan danez, epaimahaikideek berari emon deutse saria: Zidarrezko Antzarra eta 750 euro.
Palmares nagusiaren barruan, epaimahaiak aitamen berezia egin deutso Leire Egañak zuzendutako Erlojupekoa filmari.
Getari Etxegarai, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo izan dira 45. edizinoko epaimahaiko kideak.
Era berean, lehiaketaz kanpo, euskal zinemagintzan ezinbestekoak diran norbanako eta ekimenak omentzen dituan Euskal Zinemaren Begirada Saria emon dau Zine Bilerak. Ramon Agirre Lasarte aktoreak irabazi dau aurten, 1983. urteaz geroztik euskal zinema, antzerki eta telebistan ezinbesteko ekarpena egin dauelako, jaialdiko arduradunen esanetan. Euskerazko zineman zein nazinoartean ibili da Agirre. Bere filmografian dagoz, besteak beste, Aupa Etxebeste! (2019), Handia (2017), Errementari (2017), Txarriboda (2015), Baztan (2012), Las trece rosas (2013) eta Amour (2012), azken hau Cannesen Urrezko Palmondoaren irabazlea.
Benito Ansolari be omenaldi hunkigarria egin deutso Zine Bilerak. Lekeitioko zinemazaleen artean aitzindari, euskerazko zineman egile eta eragile eta Zine Bileraren beraren sortzailea dogu Ansola. Autortzea egiteaz gan, haren inguruko filma estreinau dabe jaialdian.
Argazkiak: Euskal Zine Bilera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!