Suitzako 'Arthur' thrillerraren 2. denporaldiak irabazi dau Serieslandeko saria

Bizkaie! 2022-10-24 07:57   Zinemea

Poloniako Project 2030 zientzia fikzinoko websailak be irabazi dau sari potoloa.

Serieslandeko sariek emakumeen protagonismoa berretsi dabe aurten emakume sortzaileei eta errealizatzaileei emon jakezalako zuzendaritza onenaren sariak lehiaketako atal bietan, sail independenterik onenarena, dokumentalik onenarena, showrik onenarena eta euskal sailik onenarena.

Bilbon egiten dan Nazinoarteko Websailen VIII. jaialdiak irabazleak emon ditu ezagutzera. Nick Rusconi, Chloe De Souza eta Alberto Meroni suitzarrek osotutako hirukoteak irabazi dau Epaimahaiaren Sari Handia showrunner-ik onenarenean, hau da, websailen sorkuntzan erantzukizunik handiena hartzen dauen egile-produktorerik onenaren figuran, izan be, horixe da Bilboko lehiaketan dagoan autortzarik handienetako bat.
Arthur websailaren bigarren denboraldiaren zuzendaritzan, produkzinogintzan eta gidoigintzan egin daben lanaren emoitzea da. Thriler, komedia eta dramea nahasten ditu lanak eta, gaiari jagokonez, saileko hiltzaile bat ondoko ateko auzokide izateko posibilidadearen ingurukoa da.

Poloniako Project 2030 zientzia fikzinozko drameak irabazi du websailik onenaren saria atal ofizialean. Ingelesez filmauta dago eta Wojtek Jezowskik zuzendua. Kontetan dau aurrerapen teknologikoak zelan eragingo dauen hamarkada honen amaieran jarrera sozialetan eta zelako zailtasuna izango dan jazoerak itxuretatik bereizteko, errealidade birtualaren eboluzinoagaz eta indartzeagaz, metabersoaren nahiz metagizakien aurrean.

Gina Wenzel alemanak, barriz, zuzendaritza onenaren saria irabazi dau Four tracks lanagaitik; rap abeslari baten erretratua dakar, ospea hartu nahi baitau joaneko deabruakaz burrukan dabilen bitartean.

Daniel (a) lanak irabazi dau euskal websailik onenaren saria 



Daniel (a)
lanak irabazi dau euskal websailik onenaren saria eta, era berean, AEBetako jaialdi bitan (Los Angeles eta Miami) eta Alemaniako batean (Giessen) erakusteko hautatu dabe.

Gabriel Ocinak, ganera, bigarren mailako aktorerik onenaren saria irabazi dau EITBk produzidutako transmedia proiektu honetan egindako interpretazinoagaitik. Daniel|a| 2021ean Piszifaktoria Ideien Laborategiak, Marmoka Films eta PimpiNella etxeakaz batera, EITBrentzat produzidutako proiektu transmedia da. Websaila Nora Alberdik zuzendu eban, Mikel Ayllonen gidoian oinarrituta eta Leire Ormazabal, Iholdi Beristain, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenagak egin zituen aktore-lanak. Alderdi teknikoez, barriz, Berde Produkzinoak arduratu zan.

Websaila EITBren Nahieran plataforman eta Gaztearen Youtube kanalean dago ikusgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu