'Unicorn Wars' zinema-aretoetan estreinauko dabe gaur, euskeraz
2022-10-21 10:07 ZinemeaGerrearen kontrako aldarria dakar Alberto Vazquezek zuzendutako animazinozko filmak.
Animazinozko filma da Unicorn Wars, zeresan handia emoten dabilen euskal produkzinoa. Hainbat jaialditan ikusi ahal izan da orain arte, esate baterako, Annecykoan, Sitgesekoan eta Bilboko Zinebiren barruan egindako aurrestreinaldi berezian. Gaur, urriak 21, zinema-areto komertzialetan estreinauko dabe Unicorn Wars.
Alberto Vazquez zuzendari eta gidoigilea galiziarra dan arren, euskal zinemagintzearen parte be bada pelikulea. Izan be, Bilboko Estudio Creativo Uniko da produktore nagusietako bat. Horregaitik, areto batzuetan euskeraz ikusi ahal izango dogu.
Pelutxezko hartzen eta unikornioen arteko gatazkea kontetan dau Unicorn Wars-ek, fantasia eta indarkeria buztartuta eta gogoetea eragiteko helburuz. Istorio gogorra eta latza da, hartzen helburua munduko adarbakar guztiak akabetea dalako. Gerrearen eta hilketen kontrako mezua zabaltzeko modua da.
Areto komertzialetan estreinau eta gero be, jaialdietako ibilbidea egiten segiduko dau Vazquezen lanak. Zemendiaren 3an Donostiako Antzoki Zaharrean emongo dabe (19:30), Bildurrezko eta Fantasiazko Zinemearen Astean, han be euskeraz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!