Urriaren 17an hasiko da Bilboko Txistulari Bandearen 2022-23 denporaldia
2022-10-10 12:48 MusikeaGorka Zabaleta zuzendari dala, dozena bat kontzertu emongo ditue.
Beste denporaldi batez, doinu tradizionalak eta jokera barriak buztartzeko prest dagoz Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak, 2022-23an joko dituen hamabi kontzertuetan. Urriaren 17an izango da lehenengoa eta apirilaren 3an azkena. Betiko lez, Euskalduna Jauregia izango da egoitza nagusia, baina Bidebarrieta Kulturgunean, Bermeon, Guadalajaran eta Iruñean be emonaldi bana dabe aurreikusita.
Gorka Zabaletak emon ditu denporaldi barriaren nondik norakoen azalpenak, Bilboko udaletxean egindako agerraldian. Igazko sasoiaren erdian hartu eutsan lekukoa Garikoitz Mendizabali eta honako hau izango dau lehenengo denporaldi osoa Bandearen zuzendari karguan. 2004an hasi zan Bandan joten.
Zabaletagaz batera, ekitaldian izan dira Gonzalo Olabarria Udaleko zinegotzia, Ana Madariaga Bandako zuzendari gerentea, Idoia Kareaga txistularia eta Garazi Navas akordeoilaria. Azken hau 2022-23ko kontzertuetako konbidaduetako bat izango da.
Navasegaz gan, beste artista ugari be Txistulari Bandeagaz ikusi eta entzun ahal izango doguz, konbidaduen zerrendea luzea da eta: Gorka Eskauriaza baxu jotzailea, Iñar Sastre pianistea, Ainara Azpiazu eta Elisabeth Pérez ilustratzaileak, Oihana Iguaran bertsolaria, Nerea Alberdi eta Koldo Uriarte konpositoreak, Ainara Ortega abeslaria eta Oier Agirre, Nerea Sanz Olabarrieta eta Maite Guevara aktoreak.
Ganera, talde batzuen kolaborazinoak be badakarz denporaldiak, besteak beste, Oinkari jantza konpainiarena, Ahotsak abesbatzearena, Beti Jai Alai jantza taldearena eta Bilbo eta Iruñeko musika eskolako ikasleena.
Denporaldiko hamabi kontzertuetatik zortzi izango dira Euskalduna Jauregian, danak 19:00etan. Horreen artean dago urriaren 17koa, lehenengoa. Garazi Navas akordeoilaria lagun, Lurra terra folk estiloko doinu tradizionalen ikuskizuna aurkeztuko dau Bandeak. Kepa Junkeraren lanak interpretauko ditue, baita Xabier Zabala eta Aitor Furundarenarenak be, besteak beste. Akordeoia jo eta kantu batzuk abestuko ditu Navasek.
Kontuan izan behar da, bestetik, denporaldiko kontzertuez gan, ekitaldi, omenaldi, protokolozko saio, ospakizun, emonaldi berezi eta halakoetan parte hartzen dauela Udal Txistulari Bandeak, Bilbon zein kanpoan. Urtean ehun saio ingurutan joten dabe.
2022-23 denporaldian, Udal Txistulari Bandako kideak dira Gorka Zabaleta zuzendaria, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier Garcia eta Peio Irigoien.
Kontzertuen zerrendea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!