Izaro, Bulego eta Skakeitan Finlandian izango dira
2022-08-17 08:40 MusikeaKontzertuez gan, euskal jantzez eta erromeriez gozau ahal izango dabe Tamperen eta Helsinkin.
Barriro antolatu dabe Bite Basque Beat, euskal musikariei Finlandian zuzenean joteko aukerea emoten deutsen jaialdia. Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez, abuztuaren 30etik irailaren 2ra egingo dabe aurtengo edizinoa, Tampere eta Helsinki urietan, eta Izaro, Bulego eta Skakeitan joango dira. Etxeparegaz batera Basking Food & Culture dago ekimenaren atzean, Musika Bulegoa eta Bizkaiko Foru Aldundia laguntzaile dirala.
2022ko Bite Basque Beat zati bitan banatuko dabe, Tamperekoa eta Helsinki uriburukoa. Leku bakotxean antzeko egitaraua atondu dabe: lehenengo egunean, euskal kulturea ezagutzeko jarduerak egingo ditue, besteak beste, ikastaroak eta erromeriak; bigarren egunean, euskal taldeen kontzertuak.
Abuztuaren 30ean eta 31n izango da Tampere uriaren txandea, G Live Lab aretoan. Irailaren 1ean eta 2an, Helsinkira joango dira euskal ordezkariak, eta kontzertuak Heidi's aretoan emongo ditue. Hilaren 2ko saioan, suomieraz kantetan dauen Antti Koivula artista finlandiarra izango dabe lagun oholtzan. Aurretik, mahai ingurua egingo dabe Koivulak berak eta euskal musikariek, hizkuntza txikietan kanteteak dakarzan erronkez, mugez eta zergaitiez.
Bite Basque Beat-en jatorria Tamperrada izeneko jaialdi gastronomikoan dago. Mikka Reinikka euskal kulturearen zale finlandiarra bultzatzaile, hamahiru urtez egin dabe Tamperen. Pintxoak eta euskal gastronomiaren beste alderdi batzuk erakustea da asmoa, urtero uriko 60 taberna inguruk hartzen dabe parte. Oinarri sendo horretatik hasita dator, beraz, euskal musikea Finlandian zabaltzeko ekimena. Tamperradaren babespean, Tamperen egin zan lehenengoa, igaz, eta aurten Helsinkira be helduko da.
Finlandiara doazan hiru ordezkariak ezagun-ezagunak dira eta gaur egungo euskal musikea zertan dan erakusteko aproposak. Izaro Andres mallabiarrak, euskeraz ez eze, ingelesez eta gaztelaniaz be kantetan dau. Limones en invierno diskoa aurkezteko birako lehenengo kontzertuan, maiatzean, 6.000 lagun batu zituan Donostian.
Skakeitan, ostera, eskarmentu handiko taldea da, hamalau urteko ibilbidea egin dauen ezkero. Laster desegingo da taldea, baina agurreko bira luzea egiten dabiz horren aurretik. Azkenik, Bulego, euskal musikan indartsu sartu diran talde eta proposamen barrien ordezkari. 2019tik hona, zale ugari erakarri ditue, beti esperimentazinoa eta bide barriak topetea helburu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!