Claude Sautet frantziarraren atzerabegirakoa dakar 70. Zinemaldiak
2022-08-09 12:30 ZinemeaHamahiru film luze proiektauko ditue, eta liburu bat argitaratu.
Donostiako Zinemaldian ohikoak izaten diran atzerabegirakoetan, aurten Claude Sautet zinemagile frantziarraren ibilbidea ezagutzeko aukerea izango dau publikoak, 1956tik 1995era arte zuzendu zituan hamahiru pelikularen proiekzinoari esker. Euskadiko Filmategiagaz batera atondutako zikloaren osogarri, Conversaciones con Claude Sautet liburua be plazaratuko dabe.
Liburua, berez, 1994an argitaratu eban Institut Lumière / Actes Sud argitaletxeak, frantsesez. Donostian aurkeztuko dana 2014ko edizinoaren gaztelaniazko itzulpena da. Michel Boujutek Sauteti egindako alkarrizketak batzen dira argitalpenean, baita Thierry Fremauxen eta Daniel Auteuil aktorearen berbaurreak eta Bertrand Tavernier zinemagilearen epilogoa be.
Claude Sautet (1924-2000) Frantziako zinemagintzea ulertzeko ezinbesteko egilea da, hainbat belaunaldiren arteko bidegurutzean egon zalako. Ez zan Bigarren Mundu Gerrearen ostean loratu zan belaunaldiko kidea, baina ezta Nouvelle Vague mobimendukoa be.
1950ean hasi zan zinemagintzan, lehenengo zuzendariaren laguntzaile eta, 1956tik, zuzendari nagusi. Bonjour sourire! izan zan bere lehenengo pelikulea, geroko pelikulakaz zerikusi gitxi dauen dauen komedia musikala. Nouvelle Vague hasi zanean, mobimenduko kide izan barik, bertako aktore garrantzitsuak hartu zituan pelikuletarako, Jean-Paul Belmondo, Romy Schneider eta abar.
Film poliziako ugari egin zituan, baita maitasunezkoak be, eta urteak aurrera joan ahala, gai sozialak eta personajeen ardura sakonak lantzen hasi zan. Mende amaieran, Collectif de Cinéastes Pour les Sans-Papiers dalakoan sartu zan, papelik bako etorkinen eskubideen aldeko zinemagileen taldean.
Atzerabegirakoan hamahiru film proiektauko ditue. Tartean egongo dira Sauteten lehenengoa, Bonjour sourire!, eta 1965eko L'Arme à gauche. 1970etik aurrerako film modernoagoen artean, Max et les ferrailleurs (Romy Schneider eta Michel Piccoli aktore dirala), Vincent, François, Paul et les autres... (Gérard Depardieu gaztetan agiri da) eta Quelques jours avec moi (Daniel Auteuil eta Sandrinne Bonairegaz) aitatu leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!