Jazz Guggenheim Gauak, Guggenheim Bilbao Museoak Aste Nagusirako dakarrena
2022-07-20 12:22 MusikeaAbuztuaren 23an, Eri Yamamoto japoniarraren txandea izango da.
Bilboko Aste Nagusiak jazz zaleak batuko ditu abuztuaren 23tik 26ra egingo dan Jazz Guggenheim Gauak jaialdian. Pandemia dala eta, urte biko geldialdiaren ondoren, entzute handiko programea Museoaren Atriora bueltauko da jazz garaikideko bertoko eta kanpoko artisten kontzertuak hartzeko. Gainera, publikoak aukerea izango dau Motion. Autos, Art, Architecture erakusketea gaueko ordutegian bisitetako, 23:15etik 02:00etara.
Jazz Guggenheim Gauak abuztuaren 23an hasiko da, martitzenean, nazinoarteko jazzean dan pianista eta konpositore originalenetako baten eskutik: Eri Yamamoto japoniarra. 1995etik New Yorken bizi da eta soinu eta errepertorio bereziak jorratu ditu taldekideakaz batera: Juan Luis Castaño bateria-jotzailea eta Masa Kamaguchi kontrabaxu-jolea. 2000. urtetik New Yorkeko Greenwich Villageko jazz klub historiko batean joten dau hirukoteak eta jazzaldi famatuenetan ibilten da AEBetan, Kanadan, Australian, Europan eta Japonian. Gainera, Eri Yamamotok izen handiko musikariakaz kolaborau dau, besteak beste, William Parker, Daniel Carter, Federico Ughi eta Hamid Drakegaz.
Abuztuaren 24an, Pérez, Arnedo y los Fumero laukote espainiar-argentinarraren txandea izango da. Dani Pérez gitarristeak, Horacio Fumero kontrabaxu-jole mitikoak, Guillem Arnedo bateria-jotzaileak eta Lucía Fumero pianista eta abeslari gazteak osotzen dabe taldea. Errepertorio zabala dabe, Argentina, Brasil eta Ipar Amerikako tradizinoetako abestiak batzen dituana.
Abuztuaren 25ean, Iñaki Salvador triok Lilurarik Ez – Mikel Laboaren musikea aurkeztuko dau, euskal kantautorea gogoratu eta omentzeko kontzertua, izan be, Iñaki Salvadorrek 25 urtez kolaborau eban Laboagaz, 1983tik 2008an hil zan arte. Salvadorrek hainbat kontzertu eta grabazinotan parte hartu dau bertoko eta nazinoarteko jazz musikari handienakaz, besteak beste, Perico Sambeat, Pedro Iturralde, Javier Colina, Allan Skidmore, Jean Toussaint eta Jesse Davis.
Omenaldi-kontzertu horretan, Mikel Laboaren abesti ezagunetan oinarrituta egindako moldaketak interpretauko ditu Iñaki Salvadorrek, Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxu-jolea eta Hasier Oleaga bateria-jotzailea lagun dituala.
Azkenik, abuztuaren 26an, barikuan, Peter Protschka tronpetista alemaniar ospetsuak Kindred Spirits disko barria aurkeztuko dau Museoko Atrioan. Musikaria oraingo taldeagaz agertuko jaku: Clemens Orth pianoan, Stefan Rey kontrabaxuan eta Dominik Raab baterian. Protschkak eragin klasikoetan eta jazz estadubatuarraren tradizinoan oinarritzen da baina bere konposizinoek badabe ukitu personala eta europarra be. Tronpetista polifazetiko horrek eskari ugari jasoten ditu musika klasikoa interpretetako, antxinakoa nahiz gaur egungoa eta talde mitikoak eta konpositore handiak ditu inspirazino-iturri nagusi, esaterako Kenny Barron, Jow Henderson, Tom Harrel eta Wynton Marsalis.
Zuzeneko musikaz gozeteaz gan, Jazz Guggenheim Gauak jaialdiko publikoak gaueko ordutegian eta giro lasaian bisitau ahal izango dau Motion. Autos, Art, Architecture erakusketea, Iberdrolak eta Volkswagen Groupek babestua. Bisitari ugari erakarten dagoan erakustaldi horrek automobilaren alde artistikoa laudatzen dau, artearen hainbat arlogaz dauen loturea ezagutarazoz: pinturea, eskulturea, arkitekturea, erretratugintzea eta zinemea.
Sarreren prezioa: 25 € publiko orokorra / 15 € Museoaren Lagunak, Kide Korporatiboak eta Museoan egunean bertan izandako bisitariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!