Zeramika: Artea eta Funtzinoa Masterreko ikasleek 'Lohia' aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2022-07-06 07:55   Kulturea

Lohia garagarrilaren 18ra arte egongo da zabalik. Sartzea doban da.

EHUko Arte Eder Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzinoa Masterreko 15 ikaslek materia primitiboenaren (buztina) adierazpen-trabak bertan behera ixten dituan talde-erakusketea aurkeztu dabe. Ikasleek euren azkenengo lanak erakutsiko ditue Lohia izenburupean. Artistetako batek adierazo dauenez, kontzeptu horrek gure paisajeak beteten ditu eta giza ingurunearen eta ingurune naturalaren aniztasunagaz hartu-emonetan jarten gaitu.

Buztinen eta prozedura zeramikoen aukera mugabakoak aztertzen dituan proposamen personal bildumea batzen dau erakusketak, alkarrizketa iradokitzailean oinarrituta. Leioako campusean emoten dan graduau osteko ikastaro espezializatu honetako hamargarren promozinoko (2021-2022) kideak dira protagonista: Mariana Vecchiola, Alicia Tenorio Jiménez, Lora de Tormes, Amaia Saenz de Magarola, Joey Ordóñez, Naia Mira Palacios, Sergio Daneri M- Guzmán, Daniel Lozano, June Larzabal Sanz, Violeta Infante Inzunza, Ikerne Ilarregi Martiarena, Estel Falgás Camps, Jesús Castillo Ballesteros, Jone Blasco Gromaz eta Eba Barrio.

Garagarrilaren 18ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko pisua), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak inaugurau dau gaur erakusketea, artista gehienakaz eta José Mari Herrera masterraren arduradun eta erakusketearen komisarioagaz batera, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Bilboko erdigunean dauen erakusketa-aretoan: Ikusgai dagozan lanek urtero harritzen gaitue.

Ikasturte akademikoari amaierea emoteko atonduta, Lohia eskultura eta zeramikako diseinu kontzeptu barrienaren barruko proposamena da. Erakusgai dagozan dozenaka piezak azken urtean egindako prozesu sortzaile, esploratzaile eta esperimentalen parte dira. Prozesu horreei esker, egileek prestakuntza-esperientzia integralak lortu ahal izan ditue eta zeramika garaikidearen arloan aukera zabalagoak ekarri ditu, laburbatu dau Carmen Marín irakasleak. Artista bakotxa, bere nortasunaren arabera, materian, forman, espazioan edo kontzeptuan oinarritu da, ordena figuratiboko edo abstraktuko lengoaiak hainbat formatutan erabiliz, gehitu dau.

Erakusketea Bizkaiko Batzar nagusiak erakundeak EHUko Arte Eder Fakultadeagaz orain hamarkada batetik dauen akordioaren parte da, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu