Lehenengoz egingo dabe Hondarribian Jazz, garagarrilaren 4tik 10era
2022-06-22 09:20 MusikeaJames Francies, Viktorija Pilatovic eta Diego Amador dagoz kartelean, besteak beste.
Udako jazzaldien zirkuituak, Euskal Herrian, hiru geraleku ezagun izan ditu orain arte: Getxo, Gasteiz eta Donostia. Aurten laugarrena batuko jako, Hondarribian Jazz jaio dalako, eta hau hasierea baino ez dan arren, irauteko apustua egin dabe, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak ziurtatu dauenez.
Garagarrilaren 4tik 10era egingo dabe I. Hondarribian Jazz, hau da, Getxoko jaialdia amaitu eta gero. Kartelean 16 artista sartu ditue, bertokoak eta Espainiakoak gehienbat, eta Sagarzazu alkateak hiru izar nabarmendu ditu: jazzaren abangoardian dabilen James Francies gaztea, ahots bereizgarridun Victorija Pilatovic eta flamenkoa eta pianoa buztartzen dituan Diego Amador.
Kontzertuak Itsas Etxean, Kasino Zaharreko lorategietan, Erreginaren Baluartean eta Arma Plazan izango dira. Itsas Etxekoak entzuteko sarrerea edo abonua pagau beharko dan arren, aire zabaleko emonaldiak dobakoak izango dirala aurreratu dau Udalak, herritar eta bisitari guztiek jazz musikearen doinuez gozau ahal izan deien.
Egitaraua hemen.
Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazz jaialdien zirkuituaren barruan egon nahi dugu, horretarako oso apustu serioa egin dogu, maila altuko musikariak izango dira Hondarribian, adierazo dau jaialdiko zuzendari Joseba Cabezasek.
Bisitariak erakarteko estrategiaren barruan be badago Hondarribian Jazz, Maria Serrano zinegotziaren arabera. Kalidade handiko musikeak lagunduko dau horretan, baita herriko txoko dotoreek be: Azken asteotan lan handia egin dogu Udalean, Joseba Cabezasegaz batera, maila handiko jazz jaialdi bat antolatu ahal izateko. Hondarribia eta bere Alde Zaharra agertoki parebakoak izango dira horretarako, dino Serranok.
Aurrera begira, hazteko asmoa dau Hondarribian Jazz festibalak. Martxan jarri dabe Women in Hondarribian Jazz proiektua, emakumezko musikariei ikusgaitasuna emon eta talentu barriei oholtzara igoteko aukerea emoteko. Ganera, Europako konserbatorioetako talentu izkutuak erakarri nahi ditue.
Amaitzeko, Hondarribian Jazz ezagutzeko deia egin dau Txomin Sagarzazu alkateak: Gonbidapena egin nahi deutset, bai gure herritarrei, baita etorten jakuzan guztiei be, jazz musikeaz gozetera giro parebakoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!