2022ko Donostiako Bildurrezko Asteak badauka kartela

Bizkaie! 2022-06-07 10:29   Zinemea

Macarena Gómez aktorea agiri da.

Macarena Gómez, kartelaren aurrean (argazkia: Bildurrezko Astea/Iñigo Royo) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urriaren 28tik zemendiaren 4ra egingo dabe 2022ko Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Astea, baina dagoeneko hasi dira edizino honetako detaile batzuk aurreratzen. Esate baterako, kartela aurkeztu dau Donostia Kulturak, eta generoko pelikuletan azkenaldion sarri ikusi  dogun aktore bat agiri da bertan, Macarena Gómez espainiarra hain zuzen.

Carlos Fdez (Penrider) marrazkilariak egin dau kartela, Arteuparte Estudioren koordinazinopean. Gehienbat zuri-baltzezkoa da diseinua, eta Macarena Gómez erdi-erdian agertzen dan arren, jaialdiaren ikur dan marasmea be ikusiko dogu.

Madrildarra da Carlos Fdez, eta ilustrazinoan ikasketa ofizialik ez daukan arren, ikastaroen bidez eta modu autodidaktan egin dau aurrera. 2020an egin eban bakarkako lehenengo erakusketea, New Yorken. Aztoragarria izango zan zeozer nahi genduan, azaldu dau Carlos Fdez marrazkilariak. Proba batzuen ondoren aurrez aurreko plano txundigarri bat aukeratu genduan, Macarenaren begiradeak, ikusleari zuzenean begira, ilustrazinoari indar guztia emoten deutso.

Hogei urte baino gehiagoko ibilbidea dau Macarena Gómezek antzerkian, zineman eta telebistan. Musarañas filmari esker, aktore onenaren Goya Saria irabazteko hautagai izan zan. Alex de la Iglesia bilbotarraren pelikula bitan agertu da azken urteotan, Las brujas de Zugarramurdi eta 30 monedas. Dozena bat urte daroaz La que se avecina telesailean.

Fantasiazko eta bildurrezko zineman lan ugari egin ditu Gómezek. Gorago aitatutako Las brujas de Zugarramurdi da ezagunena, baina Platillos volantes (Óscar Aibar, 2013), Pieles (Eduardo Casanova, 2017) eta Dagon (Stuart Gordon, 2001) be genero horretakoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu