20. Caostica jaialdia gaur hasiko da

Bizkaie! 2022-06-06 08:00   Zinemea

Film laburrak eta bideoklipak ardatz, Bilbo astinduko dabe sorkuntzarik barritzaileenek.

Gaur, bagilak 6, hasiko da 20. Caostica, Film Laburren eta Bideoklipen Nazinoarteko Jaialdia. Hilaren 12ra arte, ikus-entzunezko sormenaren jokerarik barritzaileenak eta apurtzaileenak ezagutu ahal izango doguz, Sail Ofizialeko 41 lanei eta bestelako jarduera osogarriei esker. Bilborock aretoa izango da festibalaren egoitza nagusia.

Neo-Bilbo edo Bilbopolis Barria astintzera dator Caostica, antolatzaileek azaldu dabenez. Uniberso eta dimensino paralelo guztietatik bialdutako film labur eta bideoklipak jaso ditue eta Neo-Bilbo futuristea astinduko daben 41 lan aukeratu ditue Sail Ofizialerako.

Parte-hartzaileen artean dagoz honako sortzaile honeek: David Pérez Sañudo, Lucía Forner Segarra, Emmanuel Tenembaum, Zuzanna Plisz, René Niujens, Cinthya Ballbé, Lucía Forner Segarra, Borja Crespo, Anna Solanas, Marc Riba, Pedro Rivero, Barbara Fernández, Kevin Iglesias, Gerald B. Fillmore, Mathi Mathos eta Charlie Mars. Bideoklipen atalean, Behemonth, Zea Mays, Hofe X 4:40, Maite Larburu eta Sandré, besteak beste.

Sariak nori emon erabagiteko, sorkuntzearen munduan ibilbide luzea daben hiru epaimahaikide izango ditu Caosticak: Beatriz Sánchez (marrazkigilea, performerra, ikus-entzunezko sortzailea eta multimedia-arloan astintzailea); Jesús Hernández, Nysu (bideoklip eta publizidade zuzendaria, EFTI Ikastegiko irakaslea); eta Raquel Pedreira (zinema produktorea).

Jarduera osogarrien artean be, publikoak izango dau non aukeratu. Esate baterako, gaur, jaialdiaren lehenengo egunean, Mexikoko Macabro jaialdiaren inguruko mahai-ingurua eta proiekzinoa egingo dabe. Martitzenean, ostera, emakume produktoreen arteko barriketaldia hartuko dau Bilborockek, Aiora Ponce, Ana Angulo eta Ainhoa Andraka konbidadu dirala.

Aitatzekoak dira, ganera, zuzeneko kontzertuak (hilaren 9an eta 11n), David Lynchen Eraserhead filmaren proiekzino musikatua (10ean) eta DJen saioa (11n). Sariak zapatu iluntzean emongo ditue eta domekan, azken egunean, palmaresean sartu diran pelikulen proiekzinoa egongo da.

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu