Le Rails d'or Saria irabazi dau Esti Urresolak Cannesen
2022-05-27 08:48 ZinemeaCuerdas film laburra estreinau dau hango zinema jaialdian.
Maiatzaren 24an estreinau eban Estibaliz Urresola zuzendari arabarrak Cuerdas, bere bosgarren film laburra, 61. Canneseko Kritikearen Astean. Europako zinema jaialdirik entzutetsuenetako batean bere lana erakustea pozik egoteko modukoa da, baina, ganera, sari bat be irabazi dau, Le Rails d'or izenekoa.
Canneseko jaialdian proiektautako film gogokoenei emoten deutse sari hori urtero, ohorezko aitamen moduan, Ceux de Rail alkartearen ekimenez. Frantziako burdinbideen lagunen alkarte horretako ordezkariek azaldu dabenez, Urresolaren lanak Ken Loachen zinemagintzearen unibersora eroaten gaitu, protagonisten abesbatzeak bizi dauen dileman arretea jarrita, sakontasunez kontauta.
Esti Urresola zuzendariak eta Begoña Suarez Ereño aktoreak jaso dabe Le Rails d'or sariari jagokon oroigarria, Cannesen bertan egindako ekitaldian. Hainbeste jenteren botoak kontuan hartzen dituan sari hau jasotea barri pozgarria da, istorio honek ikutzen dituan sensibilidade guztien arteko adostasuna lortu dogula esan nahi dauelako, adierazo dau Urresolak.
Emakumeak dira Cuerdas film laburreko protagonistak. Diru-laguntzinoa galtzearen ondorioz desegiteko arriskuan dagoan emakumeen abesbatza baten istorioa kontetan dau Urresolak. Enpresa kutsatzaile batek babes ekonomikoa eskaini deutso taldeari, eta kideak zalantzan dagoz, onartu ala ez. Sirimiri Films da produktorea, Gariza Films eta Katz Estudio laguntzaile dirala.
Hilaren 24ko estreinaldiaren ondoren, gaur, maiatzak 27, barriro proiektauko dabe Cuerdas Cannesen, 19:30ean, publiko guztiarentzako pasean. Cannesko jaialdia, ostera, bihar, hilak 28, amaituko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!