Euskal zinemea Cannesen izango da egunotan
2022-05-17 09:33 ZinemeaMarché du Film azokan Basque.Audiovisual markapean aurkeztuko ditue bertoko lanak.
Zinemagintzearen munduko hitzordurik garrantzitsuenetako bat da Cannesko Jaialdia eta beragaz batera egiten dan Marché du Film azokea. Maiatzaren 28ra arte izango da martxan. Zineuskadi alkarteak jakitera emon dauenez, euskal ordezkaritza zabala egongo da Frantzia hegoaldeko urian, bai zinemaldian bertan eta baita azokan be.
Basque.Audiovisual markea erabiliko dabe euskal ordezkariek Cannesen. Azokan aurkeztuko diran proiektuen artean, bi nabarmendu ditu Zineuskadik. Batetik, Maria Elorzaren egitasmo barria, A los libros y a las mujeres canto, Txintxua Films etxearen produkzinoa. Malagako jaialdian sariak irabazita helduko da Cannesera, Espainiako pelikulei jagoken espazioan screening saioetan parte hartzeko.
Bigarrenik, Ane Berriotxoa zuzendariaren eta Euskal Herriko Zinema Eskolearen Bat film laburra Marché du Film-eko 2Cool4School katalogoaren parte izango da.
Euskal industria zinematografikoaren azken nobedadeak eta berton filmak egiteko dagozan bitartekoak (zerga abantailak tartean) erakusteko be aprobetxauko dau Basque.Audiovisual markeak Canneseko hitzordua. Gero eta oihartzun zabalagoa hartzen hasi da marka hori, eta horren adierazle dira estreinau barri dauen webgune barria eta nazinoartean egindako ibilbidea. Horri esker, Bilboko Zinebi Jaialdia eta #CannnesDocs atala lankidetzan hasi dira.
Bestetik, Cannesko jaialdian bertan, Kritikearen Astea dalakoan, Estibaliz Urresola arabarraren Cuerdas estreinauko dabe, zinemagile barrien lehenengo edo bigarren filmak batzen dituan atalean. Sirimiri Films da produktorea, Gariza Films eta Katz Estudio laguntzaile dirala. Diru-laguntzinoa galtzearen ondorioz desegiteko arriskuan dagoan emakumeen abesbatza baten istorioa kontetan dau Urresolak. Enpresa kutsatzaile batek babes ekonomikoa eskaini deutso taldeari, eta kideak zalantzan dagoz, onartu ala ez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!