'Midnight' korearra da 28. FANTeko pelikularik onena

Bizkaie! 2022-05-13 13:41   Zinemea

Euskal film laburretan, Borja Cresporen Hikikomori izan da irabazlea.

Oh-Seung Kwon korearraren 'Midnight' izan da irabazlea | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko 28. FANT jaialdia amaitzear dala, atal bakotxeko epaimahaikideek emon dabe euren ebatzia eta, beraz, badakigu zeintzuk diran aurtengo film irabazleak. Sari nagusia, Film Luzerik Onenaren 2022ko Saria, Oh-Seung Kwon korearraren Midnight lanak irabazi dau. Atrapau egiten gaituen giro kezkagarriagaitik, protagonistearen gorreriagaz olgetan soinu-planoaren erabilera bikainagaitik, norabide eta interpretazino bikainagaitik eta bizi garen bakardade ikaragarria transmitiduteagaitik, epaimahaiaren arabera.

Ganera, film luzeetan, Philip Gelatt eta Morgan Galen King-ek zuzendutako The Spine of Night-ek Aitamen Berezia jaso dau. Film laburren alorrean, palmaresean sartu dira Casper Kjeldsen daniarraren In The Soil eta Borja Cresporen Hikikomori. Azken hori euskal pelikularik onena izan da 28. FANTen.

Epaimahaiaren esanetan, uriko kulturea, kostunbrismoa eta gaurkotasuna ondo nahastau eta personaiak ondo garatu ditu Crespok bere film laburrean, eta horregaitik emon deutse euskal produkzinoentzat gordetako saria.

Bertoko beste saritu bat Aiora Sedano aktorea izan da. Euskal Aktoreen Batasunak emoten dauen euskal aktorerik onenaren garaikurra eskuratu dau, Aitor Elorriaga Torrek zuzendutako El Cometa-n egindako interpretazinoagaitik.

Beste sari batzuen artean, aitatzekoa da Sail Ofizialeko Film Luzeen Gidoirik Onena Let the Wrong One In filmarena izan dala, eta Zuzendari Barritzaileena, ostera, Junta Yamaguchi japoniarra. Publikoaren Saria, film luzeetan, Patrick Ridremont-en The Advent Calendar-i egokitu jako; laburretan, Night Breakers-i (Gabriel Campoy eta Guillem Lafoz).

Ikuspegi Fantastikoa atalean be sariak banatu ditue. Film luzerik onena Javier Camino Miguélezen Jacinto izan da; laburrik onena, Miguel Alcalderen Un minuto.

Palmaresean sartu diran filmak bihar, zapatua, proiektauko ditue, BBK Salan egingo dan emonaldi berezian (18:00etan Sail Ofizialekoak; 20:00etan Panorama Fantastikokoak).

FANTeko antolatzaile eta epaimahaikide batzuk (argazkia: Bilboko Udala).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu