Nicholas Meyer omenduko dau FANTek amaierako galan
2022-05-12 13:42 ZinemeaFant Izar Saria emongo deutse gidoilari, produktore eta zuzendari amerikarrari.
FANT, Bilboko Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia, genero horretan nabarmendu diran hainbat artista eta sortzaile omentzen dabil egunotan, 28. edizinoan. Bihar, barikua, Nicholas Meyer idazle, gidoilari, produktore eta zuzendari estadubatuarrari emongo deutse ohorezko Fant Izar Saria, 1970eko hamarkadearen hasieratik hona egin dauen ibilbide oparoagaitik.
Bihar, hilak 13, Bilboko BBK Salan egingo dan amaierako galan hartuko dau oroigarria Meyerrek. Berez, zapatuan, 14an, amaituko da FANT, baina azken gala hori bezperara aurreratu dabe. Alex Gerediagak zuzenduko dau ekitaldia.
Nicholas Meyer New Yorken jaio zan eta antzerkian eta zinemagintzan lizentziaturea egin eban Iowan, 1968ra arte. Handik gitxira ekin eutsan mende erdi baino gehiagoko ibilbideari, hasieran telebistako gidoiak idazten. 1976an idatzi eban The Seven-Per-Cent Solution filmeko gidoia eta Oscar Sarietarako izentau eben.
Time After Time izan zan Meyerrek zuzendutako lehenengo pelikulea, 1979an, eta handik gitxira egin zituan Star Trek II eta The Day After. Azken horrek hamalau izendapen izan zituan Emmy Sarietan. Fantasiazko pelikula ugari zuzendu ditu gerora be, baita gidoi ezagunak idatzi be. Gaur egun, idazten segitzen dau.
Hain zuzen be, Time After Time proiektauko dabe gaur, eguena, Golem zinema-aretoan (18:25). Fantasiaszko zinemearen erreferente da film hori, Jack The Ripper hiltzailea, H.G. Wells idazlea eta denporearen makinak buztartzen ditualako. Denporan zeharreko bidaien inguruan FANTek antolatu dauen zikloaren barruan emongo dabe Meyerren lana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!