'Apaiz kartzela’ dokumentala, Larrabetzun ikusgai

Bizkaie! 2022-05-10 11:03   Zinemea

Hitzordua maiatzaren 12an da, Larrabetzun.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu ondoren, joandako zemendiaren 26an estreinau eben Apaiz kartzela (2021) dokumentala. Bilbo, Zamora, A Coruña, Ferrol eta Lleida hartu zituan aurkezpen bira baten ostean, ehundik gora proiekzino eskaini dituan herriz herriko ibilbideari ekin eutson orduan proiektuak. Bada, bidean aurrera, Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxean egingo dabe hurrengoa, maiatzaren 12an, 18:30ean; bertan izango dira Ritxi Lizartza, zuzendaria; Xabier Amuriza eta Josu Naberan, protagonistak. Ondoren, barriketaldia egongo da.

Dokumentalak munduko abadeentzako kartzela bakarra, Vatikanoa eta Francoren artean Zamoran sortutakoa, izango dau aztergai eta frankismoaren zapalkuntzearen kontra erreakzionau eben abadeen burrukea ekarriko dau gogora, protagonisten euren kontakizunak tarteko dirala.

1968 eta 1976 artean 50 bat abade (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelan sartu zituen Francisco Franco diktadorearen errepresinoaren kontrako jarrerea erakusteagaitik. Sermoietan diktadurearen zapalkuntzea salatzeagaitik hamabi urteko kartzela-zigorrak jasotako abade horreek nekez ahaztuko ditue nazinoarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean emon zituen mitinaren irudiak, izan be, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzeleari sua emon eutsen bertan preso egozanek.

Bolada gogor hareetan gizartearen aldeko konpromisoari sendo heldu eutsen abade hareen bizipenak barrituko ditu filmak. Belaunaldi barrientzat ezezaguna baita Zamorako abade-kartzelearen historia eta, askotan esan deuskuen moduan, ezezaguna izateaz gan, kontau barik be baitago.

Honako hau mundu osoan izandako abade kartzela bakarraren historia da, Francoren diktadura faxistearen eta Vatikanoaren arteko konkordatua zala eta sortutakoa. Eskubide zibilak defendiduteagaitik kartzelan sartu zituen eta tunel bat eginda iges egiten saiatu ziran abadeen historia. Hamarkada batzuk aurrerago, diktadorea aspaldi hil zan arren, gure protagonistek eutsi egiten deutse memoriari, jazotako guztia ez daiten ahaztu.

Apaiz Kartzela filma Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta Films etxeak sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren produkzino alkartuari esker, EITBren parte-hartzearen babesari esker eta Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazinoaren, Etxepare Institutuaren laguntzeagaz eta Berriaren, Zuzeuren eta Irutxuloko Hitzaren babesari esker.

Ritxi Lizartzak, David Pallarèsek eta Oier Aranzabalek bete ditue zuzendari lanak. Xabier Etxeberria, Martin Etxeberria, Miguel Angel Elustondo eta Jon Mikel Aldanondorena da gidoia eta Maialen Sarasuak egin ditu edizino lanak. Era berean, Kote Camachok sortu ditu animazinoak eta Joserra Senperenarenak dira doinuak. Azkenik, Alex Argoitiak landu dau irudi postprodukzinoa eta Mediavox estudioetan jorratu ditue soinu-nahasketak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu