'Virus-32' pelikuleak zabalduko dau 28. FANT

Bizkaie! 2022-05-06 12:43   Zinemea

Ohorezko Sariak be inaugurazino galan emongo ditue.

Dana prest dago 28. FANT Bilboko Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdiari ekiteko. Gaur, maiatzak 6, egingo dabe inauguruazino-galea, 19:30ean, Campos Eliseos Antzokian. Ondoren, Virus-32 film hegoamerikarra izango da aurten proiektauko daben lehenengoa. Euskal film laburren saioak zarratuko dau lehenengo eguneko egitaraua.

Alex Gerediagak zuzenduko dau Campos Antzokiko ekitaldia. Bertan emongo ditue aurtengo edizinoari jagokozan Ohorezko Sariak. Batetik, Bego Vicario eta Patxi Azpillaga EHUko irakasleei egingo deutse gorazarre, animazinozko zinemagintzea bultzatzeko egin daben ahaleginagaitik. Macarena Gómez aktorea da beste saritua, bildurrezko zineman dauen ibilbide luzeagaitik.

Behin galea amaituta, Campos Antzokian bertan, Virus-32 filmaz gozau ahal izango dabe ikusleek. Gustavo Hernandezek zuzendutako koprodukzino argentinar-uruguaiar horretan, birus batek eragindako sarraskiaren osteko Montevideo agiri jaku. Kutsatuta dagozanek ezelako erruki barik egiten deutse eraso kutsatu bakoei.

Juma Foddegaz batera idatzi dau pelikulearen gidoia Gustavo Hernandez zuzendariak. Daniel Hendler, Paula Silva, Pilar García eta Franco Rilla dira aktore nagusiak. Virus-32 Bilbon ikusiko da lehenengoz, FANTekoa nazinoarteko estreinaldia dalako.

Gaua biribiltzeko, Fant Laburrean atalean lehiatuko diran 13 film laburrak proiektauko ditue. Jatorrizko bersinoan proiektauko ditue, euskerazko azpitituluakaz.

Kontuak kontu, maiatzaren 14ra arte egongo da martxan 28. FANT. Astebete pasautxuko egitarauan 45 ekitaldi dagoz, eta Sail Ofizialean 18 film lehiatuko dira. Ganera, Fant Laburrean, Dokufant eta Ikuspegi Fantastikoa atalek be proposamen barritzaile eta interesgarriak ekarriko ditue Bilbora. Emonaldi berezietan, Alfred Hitchcocken Frenesí, Tobe Hooperen Poltergeist eta Esteban Ibarretxeren film bi ikusi ahal izango dira.

Maiatzaren 14an, jaialdiaren azken egunean, emongo dabe sarituen barri. Egun horretan, BBK Salan, saritutako filmak proiektauko ditue, Ikuspegi Fantastikokoak (18:00) eta Sail Ofizialekoak (20:00). Sail Ofizialeko epaimahaian Ana Murugarren, Jimina Sabadu eta Borja Santaolalla dagoz.

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu