Artium Museoak '...ere erera baleibu izik subua aruaren...' erakutsiko dau
2022-05-05 13:05 ZinemeaJose Antonio Sistiagaren lehenengo pelikulea da.
Gasteizeko Artium Museoaren, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, José Antonio Sistiagaren ...ere erera baleibu izik subua aruaren... izeneko film luzea erakutsiko dabe gaur, eguena, maiatzak 5, arratsaldeko 19:00retan. Pelikula hori margolaritzearen eta zinema esperimentalaren arteko lotureari jagokonez aitzindaritzat joten da. Artista eta zinemagileak 35 milimetroko zeluloidean pintau eban 1968tik 1970era bitartean filmak dituan 108.000 fotogrametako bakotxa. Teknika horren bidez zinemaren historian egindako lehen film luzetzat joten da pelikulea. Proiekzinoa Euskadiko Filmategiaren udabarriko zikloaren parte da, programazinoaren egoitzea Vitoria-Gasteizko Artium Museoa baita. Sarreraren prezioa 3,5 eurokoa da, nahiz leihatilan, nahiz museoaren webgunean.
Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932) Euskal Eskolearen Gaur Taldearen kide eta sortzaileetako bat izan zan; haren lana pinturearen eta zinemearen artean dago eta koherentziaz erabili zituan hizkuntza biak. Zinemagintza esperimentalean egindako sartu-urtenak Euskal Herriko artearen praktikeari egindako ekarpenaren zati garrantzitsu bat dira. Lan horreek hainbat jaialditan erakutsi dira Oberhausen, Londres, New York, Paris, Brusela, baita Donostiako Nazinoarteko Zinemaldian be.
...ere erera baleibu izik subua aruaren..., kamara bako zinemea esan izan jakonaren barruko lan bat da, 35 mm-ko zeluloidearen gainean eskuz pintautako filma, fotogramaz fotograma. Euskerearen sonoridadea imitetan dauen zentzunik bako esaldi bat da izenburua, haren lagun Rafael Ruiz Balerdik asmautakoa.
Sistiagaren filmaren proiekzinoa saio berezia da Euskadiko Filmategiaren udabarriko zikloaren barruan, Lyongo Lumière Institutuari eskainia. 2021etik, Artium Museoa Filmategiaren programen egoitzea da Vitoria-Gasteizen. Holan, Donostiako Tabakaleragaz eta Bilboko Arte Eder Museoagaz bat egin dau, Filmategiaren ziklo tematikoak modu egonkorrean hartzen dituen erakundeak diralako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!