Fant Laburrean atalean 13 film lehiatuko dira
2022-05-05 12:43 ZinemeaEuskal produkzinoak dira guztiak.
Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdiak, FANTek, bihar, maiatzak 6, hasiko dau 28. edizinoa Bilbon. Urterik urte gero eta zale gehiago erakarten dituan ataletako bat da Fant Laburrean izenekoa, euskal zinemagileen pelikula laburrak batzen dituana. Aurten 13 lan lehiatuko dira kategoria horretan, 2.000 euroko Euskal Film Laburren Epaimahaiaren Saria irabazteko asmoz.
Jaialdiko arduradunez gan, Bilboko Udaleko ordezkariak eta parte hartuko daben zuzendarietako batzuk egon dira Fant Laburrean atala aurkezteko ekitaldian. Film laburren zaleei oharra egin deutse: maiatzaren 6ko inaugurazino ekitaldiaren amaieran (22:30ak aldean), 13 pelikulak proiektauko ditue Campos Antzokian. Euskal produkzino bikainez gozetako aukerea izango da, beraz.
Film laburren aldeko apustua hasiera-hasieratik egin dau FANTek, Azkuna Zentroko aurkezpenean nabarmendu dabenez. Jaialdi honen ezaugarrietako bat da kanpora begiratzen dauela, baina etxean dogun talentu ikaragarria ahaztu barik, azpimarratu dau Gonzalo Olabarria zinegotziak.
Fant Laburrean atalean parte hartuko daben filmak jatorrizko bersinoan proiektauko ditue, euskerazko azpitituluakaz. Ganera, Filmin plataforman online ikusi hal izango dira 28. FANT martxan dagoan artean.
Hau da pelikulen zerrendea:
- Au pair, David Pérez Sañudo.
- Calma, Jon López Martín.
- El carné, Xabi Vitoria.
- Carnívoro, Lander Castro.
- El cometa, Aitor Elorriaga.
- Los días que (nunca) fueron, Kevin Iglesias Rodríguez eta Pedro Rivero.
- Haraindiko, Alaia Sedano Tovar.
- Hikikomori, Borja Crespo.
- Pasaia, Xanti Rodríguez.
- Pleasewait, Iñaki Reina.
- Rewind, Amaia San Sebastián.
- Spiricom, Jon Herrero.
- Txoriak txori, Nytia López.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!