Murgiara eta Guardiara helduko da Arabako Mendi Tour
2022-04-21 08:35 ZinemeaApirilaren 22an eta 23an izango dira proiekzinoak.
Abenduan XIV. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian erakutsitako pelikula nabarmenetako batzuk Arabako herrietan ikusi ahal izango dira egunotan, Vital Fundazinoaren eta Zineuskadiren babesari esker. Barikuan, apirilak 22, Murgian izango da lehenengo saioa; bigarrena, zapatuan, Guardian. Kasu bietan, 19:00etan hasita.
Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako gaiak jorratzen dituen pelikulak dagoz herri bietako programazinoan. Danetara, hiru film aukeratu ditue Arabako Mendi Filmerako eta danak dira aproposak mendizaleentzat, zinemazaleentzat zein publiko zabalarentzat.
Islandiara eroango gaitu egitarauko pelikuletako batek. Jötunn dalakoak herrialde haretan Mikel Sarasola, Aniol Serrasolses eta Aleix Salvat kayakzaleek egindako abenturea kontetan dau, muturreko kayakaren arriskuak zein edertasuna publikoari hurreratzeko.
Bigarren filma, The Traverse, Mendi Film Festibaleko Epaimahaiaren Sariaren irabazlea izan zan. Chamonix eta Zermatt herriak lotzen dituan Haute Route bidea eskietan eta geldialdi barik zeharkatu daben lehenengo emakumeak izan ziran Valentine Fabre eta Hillary Gerardi, eta abentura horretan zelan hasi ziran agertzen dau pelikuleak.
Hirugarrenik, Black Ice emongo dabe Murgian eta Guardian, Eskaladako Film Onenaren irabazlea 2021eko edizinoan. Ameriketako Estadu Batuetako baltzak ez doguz sarri izotzezko hormetan eskaladan ikusten, eta estereotipo hori apurtzeko asmoz ekin deutso lagun talde batek, Conrad Anker gidearen laguntzinoaz.
Mendi Film jaialdiko zuzendari Jabier Baraiazarrak azpimarratu dauenez, hatx eta izotzezko eskaladea, alpinismoa, mendiko eskia eta muturreko piraguismoa ikusi ahal izango dabe Murgiako eta Guardiako zaleek. Generoko zuzendari handiek jorratutako lanak dira, Ben Tibbetts, Sender Films produkzino-etxea eta Mikel Sarasola. Ikusleek zinema onenagaz gozauko dabe beste behin.
Arabako Mendi Tour zikloaren hamargarren edizinoa da aurtengoa, baina lehenengo aldia dau Murgia eta Guardia herrietan. Gasteizen bai, urteroko hitzordua bihurtu da, eta martian lau eguneko egitarauaz gozau ahal izan eben uriburuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!