FANTek fantasiaz beteko dau Bilbo bederatzi egunez

Bizkaie! 2022-04-12 12:25   Zinemea

Maiatzaren 6an hasita, 47 saio dakarz egitarauak.

Udaleko eta FANTeko arduradunak, programazinoaren aurkezpenean (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pandemiaren aldirik gogorrena atzean itxita, FANTen 28. edizinoan bueltan datoz nazinoarteko konbidaduak, ohiko ordutegiak eta publiko guztiari edegitako programazino mamintsua. Aurten, maiatzaren 6tik 14ra egingo dabe Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdia, eta 47 saio sartu ditue egitarauan, atal ugaritan banatuta. Sail Ofizialeko lehiaketa nagusian 18 film luze izango dira.

Inaugurazinoa Campos Eliseos Antzokian izango da, hilaren 6an, barikua. Ekitaldia aprobetxauko dabe Gustavo Hernandez uruguaiarraren Virus-32 film luzearen nazinoarteko estreinaldia egiteko. Ondoren, Sail Ofizialean parte hartuko daben 13 euskal film laburrak ikusi ahal izango dira.

Lehiaketa nagusian parte hartuko daben 18 pelikulen artean, bi lehenengoz ikusiko dira Espainian: Midnight (Hego Korea, Oh Seung Kwon), eta We Are Living Things (AEB, Italia eta Txinako koprodukzinoa, Antonio Tibaldi).

Horrek biak, mundu osotik heldutako beste 16 obragaz lehiatuko dira ondorengo sariak irabazteko: Film Luze Onenaren FANT 2022 Saria (3.500 euro), Gidoi Onenaren Saria (Euskal Gidoilgileen Alkarteak emonda) eta Zuzendaritza Barritzaileenaren Saria (FAS Zineklubaren eskutik).

Sail Ofizialeko epaimahaian egongo dira Ana Murugarren zuzendari, gidoilari eta muntatzailea; Jimina Sabadú gidoilari, idazle eta kultur kazetaria; eta Borja Santaolalla gidoilari eta zuzendaria.

Film laburren eskaintzea be zabala izango da 28. FANTen. Atal ugaritan banatuta, 35 proposamen sartu ditue programazinoan, tartean nazinoarteko lehiaketan parte hartuko dabenak. Honeek Azkuna Zentroko proiekzino berezian emongo ditue, hilaren 7an. Euskal film laburrak, ostera, inaugurazino galan ikusi ahal izango dira. Sariei jagokenez, Ikuspegi Fantastikoa Laburrean izenekoa emongo dabe (1.500 euro).

Lehiaz kanpo be izango da zer ikusia. Esate baterako, Fanteko Maisuak atalean, genero horrek emondako zuzendari handien lanak proiektauko ditue. Aurten, Roger Cornan izango da protagonistea, 2009an Ohorezko Oscar Saria irabazi eban zinemagilea. Alain Resnais eta Nacho Vigalondoren filmak be emongo ditue, besteak beste.

Klasikoei eskainitako sailean, ostera, pelikula mitiko bi ikusi ahal izango dira: Alfred Hitchcock ingelesaren Frenesi, estreinau eta mende erdira; eta Tobe Hooperen Poltergeist, estreinalditik 40 urte bete diralako.

FANT jaialdian ohikoak diran ohorezko sari bien barri be badakigu: Fantastikoaren Izarra dalakoa Nicholas Meyer amerikarrari emongo deutse; Fantrobia izenekoa, ostera, Prano Bailey-Bond zuzendari eta gidoigile galestarrak hartuko dau.

Ganera, autortzea egingo deutse Bego Vicario eta Patxi Azpillaga irakasleei, EHUko ikasleen artean talentu barriak sustatzeko egindako lanagaitik, eta Macarena Gomez aktoreari, bildurrezko eta fantasiazko generoetan dauen ibilbide oparoagaitik. Azkenik, gogoan hartuko dabe oraintsu hildako Esteban Ibarretxeri.

Ikusi proiekzinoen egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu