'Barraskiloa eta balea' zinema-aretoetara heldu da

Bizkaie! 2022-03-25 09:12   Zinemea

Zinema Euskeraz programeari esker ikusi leiteke animazinozko filma.

Umeek eta familia guztiak gozetako moduko proposamena dakar Zineuskadik bultzatutako Zinema Euskeraz programeak Hego Euskal Herriko aretoetara, Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzuk izeneko marrazki bizidunetako lana hain zuzen.

Gaur, martiak 25, estreinauko dabe pelikulea, ondorengo aretoetan: Golem Alhondiga (Bilbo) eta Golem La Morea (Iruñea), Principe Zinema (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Getxo Zinema (Getxo) eta Areria Aretoa (Lazkao).

Barraskiloa eta balea ipuinaren egokitzapen zinematografikoa da filma. Mundua ezagutu nahi dauen barraskilo bat itsasoaren bazter izkutuetara joango da balea handi baten buztanera pegauta, baina, halako baten, badia baten geratuko da balea, ez atzera ez aurrera. Adiskidetasun bitxi honetan oinarrituta, bizia salbetako abenturea da istorioa. Ganera, ipuin nagusiaren ondoren, itsasoagaz lotutako beste hiru istorio labur be badakarz filmak.

Marrazki bizidunetako beste film arrakastatsu ugari sortu dituan produkzino-etxearen eskutik dator honako film barri hau, Grufaloa eta Zog, besteak beste.

Zinema Euskeraz programeak aurten dakarren hirugarren filma da Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste abentura batzuk. Ikus-entzunezko sektoreari laguntzeaz batera, ume eta familiei euskerazko aisialdirako aukerak emotea da Zineuskadik bultzatutako ekimenaren helburua. Apirilaren 8an estreinauko dabe hurrengo filma, Orkestra lurtarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu