Euskal zinemeak bere indarra erakutsiko dau Malagako jaialdian

Bizkaie! 2022-03-18 07:51   Zinemea

Malagako Zinemaldia Espainiako zinemearen erakusleiho nagusietako bat da eta euskal zinemagileek beti izan dabe parte-hartze nabarmena bertan. Oraingoan, jaialdiak berak eta MAFIZ industria-guneak 20 lan aukeratu ditue hainbat ataletan esku hartzeko.

Domekan, Carlos Saura Huescako zinemagileari Ohorezko Biznagea emoteko galan, jaialdiak euskal lan bi erakustea erabagi dau, Saurak berak zuzendutako Goya 3 de mayo film laburra, Gaizka Urrestik produzidutako eta Cinco lobitos filma. Azken horrek Berlinalen egin eban mundu mailako estreinaldia eta Sail Ofizialean lehiatuko diran hiru euskal filmetako bat da. Era berean, Ibon Cormenzanaren La cima eta Imanol Uriberen Llegaron de noche lanak atal berean lehiatuko dira.

Dokumentalak/Film luzeak Sail Ofizialean, barriz, Balika filma egongo da, Aitor Sánchez Smith eta Lander Ibarretxeren azken proiektua.

Animazine – Animazinoko Film Laburrak Sail Ofizialaren barruan, jaialdiak Pablo Polledri zuzendari argentinarraren eta Uniko Estudio eta Maniac Planet etxeen Loop film laburra aukeratu dau. Bestalde, Kimuak 2021 katalogoan hautatua izan zan Aitor Oñederrak zuzendu eta produzidutako Ur azpian lore lanak be parte hartuko dau. Oñederrarena ez da Malagako Jaialdian egongo dan Kimuak katalogoko proiektu bakarra, Fikzinoko Film Laburren Sail Ofizialean ikusgai izango baita Mikel Gurreak zuzendu eta Irusoineko Xabier Berzosak produzidutako Heltzear lana.

Gainera, sail berean dagoz Mikel Ruedaren Etxean, Zineuskadik itxialdian martxan jarritako Itxitik deialdira aurkeztutako lana eta Irrits, Maider Oleaga zuzendariaren film laburra, Galapan eta Sumendi produkzino-etxeakaz sortutakoa. Bestalde, Dokumental Film Laburren Sail Ofizialean Maider Fernández zinemagile donostiarraren eta Apellaniz y de Sosa produkzino etxearen azken lana, Fe, aurkeztuko da. Era berean, lehiaketatik kanpo, Pedro Olea bilbotarraren El parque de juegos eta lehen aitatutako Goya 3 de mayo film laburrak proiektauko dira.

Emakumeen eskubideak azpimarratzeko atalak be euskal partaidetzea izango dau, izan be, bertan egongo dira Ainhoa Urgoitiaren eta Enrique Rey Monzonen Norberaren gela eta Pablo de la Chicaren Mama lana, Diego Urruchik (Media Attack) produzidutakoa. Nabarmentzekoa da De la Chicaren film laburrak Goya sarien azken galan Dokumental Film Labur Onenaren saria irabazi ebala.

MAFIZen be izango dau lekua euskal zinemeak: Batetik, Basque. Audiovisual babespean dagozan proiektuen artean, Ritxi Lizartzaren eta Juan San Martinen (Maluta Films) Ainarak zein Marc Sempere-Moyaren eta Leire Apellanizen Canto cósmico. Niño de Elche (Señor Señora) proiektuak aukeratu ditue Spanish Screenings XXL saioetan erakusteko.

Bestetik, Next From Spain sailean Jabi Elortegiren azken lana izango da ikusgai: El vasco, Pausokaren nazinoarteko koprodukzinoa. Atal berean aurkeztuko dira Alberto Vázquez zuzendari galiziarraren Unicorn Wars film luzea eta Amaia Remírezen eta Raúl de la Fuenteren Bayo bayo baby lana. Bestalde, Maria Elorza zuzendariaren eta Txintxua Films etxearen A los libros y a las mujeres canto filmak Málaga WIP sailean parte hartuko dau, Bilbon ZINEBI Networking Award 2021 saria irabazi ondoren.

Nabarmentzekoa da Malagako jaialdiko Industria atalean parte hartzeko akreditau diran euskal zinemagileen zerrendea: Amania Filmseko David Pérez Sañudo, Eider Ruiz, Fernando Pérez Sañudo eta Kevin Iglesias; Aranzazu Calleja; Miren Aperribai (Atera Films); Aitor Arenas (Banatu Filmak); Imanol Ortiz; Carlos Juárez (Basque Film); José Agustín Atxa (Bilbao Ekintza); Jorge Acosta (Camino Garaitondo); CSC Filmseko Iván Ruiz, Katixa de Silva, María Gómez eta Roberto Ruiz; ECPVko David Pedrosa eta Mikel Rubio; Esperanza Luffiego; Donostia Zinemaldiko Olatz Arrizabalaga, Ruth Pérez de Anucita, Saioa Riba, José Luis
Rebordinos eta Lucía Olaciregui; Ander Barinaga-Rementeria (Galapan Productions); Haruru Filmak-eko Helena Bengoetxea eta Rubén Marcilla; Luis Ángel Ramirez (Imval Producciones); Joseba Beristain; Amaia Remírez (Kanaki Films); Katz Estudioko Ana Angulo eta Itxaso Frau; Limbus Filmak-eko Iban del Campo eta Silvia Rey; Maluta Filmseko Cristina Fraile eta Ritxi Lizartza; Ione Hernández (Nephilim); Pantoma Filmseko Alberto Sota eta Iker Elorrieta; Pausoka Entertainment-eko Jabi Elortegi eta Xabi Zabaleta; Igor Piñas (Platanobolígrafo); Claudia Salcedo (Señor y Señora); Ander Sagardoy (Sumendi Filmak); Taui Mediako Iñigo Sancho eta Jesús Mª Delgado; Txintxua Filmseko Koldo Almandoz eta Marian Fernández; Uniko-ko Alberto Vázquez eta Iván Miñambres; Alejandra Arróspide (Vidania Films) eta Ana Ruiz (Vitoria-Gasteiz City Council – Film Office).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu