FANT - Bilboko Fantasiako Zinemearen Jaialdiak Frankensteinen 90. urteurrena gogoratuko dau

Bizkaie! 2022-03-17 08:19   Zinemea

Baita PreFANT zikloaren protagonista be.

Bilboko Udalak atontzen dauen FANT-en aurtengo edizinoa maiatzaren 6tik 14ra izango da eta ezustekorik ez bada, 28. edizinoan pandemiaren aurreko normaltasuna izango da barriro eta, beraz, maiatzean egingo dan edizinoan ordutegi eta egoitza guztiak berreskuratuko dira eta nazinoarteko gonbidatuei ondoetorria emongo jake barriro.

Gainera, aurten, FANT Jaialdiak bildurrezko zinemearen klasiko-klasiko bati omenaldia egingo deutso, Frankensteini, hain zuzen be, gogoratzeko 2022an munstroa protagonista dauen filma Estaduan estreinau zaneko 90. urteurrena beteten dala.

Fikzinoko personaia hau Mary Shelleyren izen bereko eleberrian agertu zan lehenengoz eta, duda barik, herri-kulturearen parte izatera igaro da. FANT Jaialdiaren 28. edizinoko irudiaren protagonista izango da eta Frankenstein izango da Bildurrezko Zinema Jaialdiko kartelaren, logo barriaren eta iragarkiaren protagonista.

Kartela eta logoa

Karteleko erretratu-saioa egiteko, Frankenstein baita protagonista nagusia, Trick or Treat Studios eta Universal Studiosen maskara ofiziala erabili da. Maskara hori Justin Mabryk egina da eta Jack Piercek egindako makillaje harrigarrian eta Boris Karloffek James Whaleren Frankenstein doktorea (1931) filman erabilitako maskaran oinarritzen da.

FANTen logoari jagokonez, personaiaren irudia be jasoten dau, T letran ikusi daitekeena. Orain arte, letra horrek taket baten etxurea eukan, banpiro bat akabetako modu tradizionalenari aitamena eginez; hemendik aurrera, T letreak Frankensteinen profila jasoko dau.

Laster FANTek bere iragarki barria aurkeztuko dau, hau be Frankensteinen irudiaren eta sorkuntzearen ingurukoa.

2022ko FANT Jaialdiak Frankensteini egiten deutson omenaldia harago doa, izan be, munstroa PreFANT zikloan be badago (FANT hasi aurreko zikloan): Frankenstein eta Frankensteinen emaztegaia programauko dira martiaren 24an eta apirilaren 7an, hurranez hurran, Bilboko Golem–Alondiga zinema-aretoetan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu