Bilbon eta Bizkaian 161 filmaketa egin ziran 2021. urtean

Bizkaie! 2022-03-03 13:28   Zinemea

13,85 miloe euroko eragin ekonomikoa izan eban.

2021. urtean ikus-entzunezko filmaketarik gehien egin ziran Bilbon eta Bizkaian, 2015. urtean Bilbao Bizkaia Film Commission sortu zanetik. Danetara, pandemia gorabehera, 232 lan egin ziran eta horreetatik 161 filmazinoak izan ziran, 598 grabazino-egun izan baitziran danetara gurean.

Jarduera horreen eragin ekonomikoa 13,85 miloe eurokoa izan zan eta filmaketei lotutako 1.186 kontratu egin ziran Bilbon eta Bizkaian.

Ikus-entzunezko sektorean izandako erantzun bikaina dala eta, Netflix lako nazinoarteko plataformak geugana hurreratu dira, hain zuzen be, Netflixek oso-osorik filmau eban Intimidad izeneko telesaila Bilbon eta Bizkaian. 2021ean egindako filmeen artean, honako honeek nabarmentzen dira: El Cuarto Pasajero, Una Vida no tan Simple, El Comensal, La Cima edo La Vida Padre, Alex de la Iglesia bilbotarrarena, Felix Viscarret eta Ángeles González-Sinderen mailako zuzendariakaz edo Alberto San Juan, Patricia López-Arnaiz, Enric Auqueredo Itziar Ituño lako aktore ospetsuakaz.

Bilbao Bizkaia Film Commission, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako zerbitzua, ikus-entzunezko sektorerako erreferentziazko erakunde lez finkatu da, eragile publiko eta pribatuakaz bitartekari jardunez eta Bilbo-Bizkaian filmaketa industria barri bat sortzea ahalbidetuz.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputaduak Bilbao Bizkaia Film Commission-en jarduerearen 2021eko balantzean emon ditue datuak.

Bilbao Bizkaia Film Commissionek ikus-entzunezko 232 proiektu artatu zituan igaz. Proiektu horreetatik 70 publizidade-iragarkiak izan ziran, 48 film labur, 29 bideoklip, 25 telebista-programa, 20 film luze, 19 dokumental, 12 telesail, 8 erretratu-saio eta websail bat.

Bilbao Bizkaia Film Commission

2015ean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Film Commision zerbitzu publiko eta dobakoa sortu eben, filmaketen arretea, kudeaketea eta erakarpena helburu dituana. Urte honeetan 1.294 filmaketa artatu dira eta 850 ikus-entzunezko proiektu gauzatu dira.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen laguntza egonkor eta personalizatua produkzinoaren fase guztietan emoten da, lokalizazinoetan, lanbide-zerbitzuetan, administrazino-kudeaketetan, produkzino, ostatu eta logistika-espazioetan, baita erakundeen laguntza eta konfidantzan, segurtasun juridikoan eta pizgarri fiskaletan be.

Bilbao Bizkaia Film Commissionen lana lankidetza publiko-pribatuari esker egiten da.

2017. urtetik European Film Commission Networken kide da: 90 film commission baino gehiago ordezkatzen ditu, Europako Batzordearen babesari esker eta AFCI, Association of Film Commissioners International alkartearen kide be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu