Albertina Carri argentinar zinemagileak Zinegoak 2022 Ohorezko Saria jaso dau

Bizkaie! 2022-03-01 12:57   Zinemea

Jaialdiak Carriren obreari buruzko ziklo berezia atondu dau.

Albertina Carri. Erretratua: Jetmir Idrizi | Ikusi handiago | Argazki originala

Alaitz Arenzana Zinegoak-eko zuzendari artistikoak azpimarratu dauenez, Hegoamerikako sortzaile belaunaldi barri baten ahotsik nabarmenetakoa da Carri, bere lana etenik bako esplorazinoa da, begirada hegemonikotik kanpo geratzen dan guztiari ikusgarritasuna emoteko, hizkuntza propioen bidez.

Albertina Carrik ibilbide luzea dau zuzendari, gidoilari, produktore eta aktibista feminista lez. Buenos Airesko Universidad del Cine Fundazinoan gidoigintzea ikasi eta hainbat film labur egin ditu, besteak beste, Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie también puede estar triste (danak 2001ean), Fama (2003), De vuelta (2004) edo Restos (2010).

Rotterdameko, Londresko edo Vienako jaialdietan aukeratutako No quiero volver a casa (2000) lehen film luzearen ondoren, Carrik bidaia hasi eban bere bizitzan inoiz egon ez zanaren bila: aita eta ama, Roberto eta Ana Maria, intelektual eta militante iraultzaileak, 1977ko diktadura militarrak bahituak eta berak lau urte besterik ez zituanean desagertuak. Bilaketa hori hurrengo film luzeetan be islatzem da: Los rubios (2003) eta Cuatreros (2017) hipnotiko eta bizia.

Hutsuneak ulertzeko bidaia horregaz batera, Albertina Carrik sexualidadea be landu dau, arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatuz. Geminis (2005) eta La rabia (2008) filmeetan, sexua ardatza da narrazinoaren garapenerako eta pertsonaien definizinorako baina sexualidadearen, zinemearen, askatasunaren, politikearen eta feminismoaren arteko lotura handiena Las hijas del fuego (2018) filmean lantzen dau. Harek deskribidu eta azpimarratzen dauen bezela: Pornografia lesbofeministea da, generoaren konfigurazino barri baten bila dabilena, adiera posible askotan.

Horrezaz gan, emakumeen gozamena erakusteko modua be berreregi gura dau, begirada maskulinotik urrunduta, erotizazinoa besterik nahi ez dauena.

Zinemaz gan, Carrik telebistarako saioak be sortu ditu Marta Dillonegaz batera, besteak beste, La bella tarea, emakumeen umezaroari eta erditzeari buruzko ikuspuntu diferenteak dituan dokumental saila; Visibles, LGTBI+ argentinar errealidadeari buruzko dokumental formatua edo 23 pares fikzinoa. Asterisco
LGTBI+ Nazinoarteko Zinemaldiaren sortzailea be izan da.

Ohorezko saria dala eta, Zinegoak-ek ziklo berezia atondu dau Carriren zinematografiari buruz, martiaren 1etik 4ra BilbaoArten. Aristearen hainbat lan erakutsiko ditue, jaialdiak irauten dauen bitartean.

Informazino gehiago hemen.


Erretratua: Jetmir Idrizi

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu