'Urak aske' dokumentala martiaren 10ean estreinauko dabe
2022-02-23 12:26 ZinemeaZuzendaria eta gidoigilea Bego Zubia Gallastegi da.
Urtegi handi bi hutsitutea eta horreen presak kentzea ardatz dauen Urak aske dokumentala martiaren 10ean estreinauko da, Donostiako Trueba zinema-aretoan. Lehen proiekzinoa arratsaldeko 19:45ean izango da eta sarrerak dagoeneko salgai dagoz. Gasteizen be ikusi ahal izango da, martiaren 17an, Iruñean be bai, apirilaren 7an. Tartean, Euskal Herriko beste hainbat herritan be izango dira proiekzinoak, besteak beste, Arrasate, Errenteria, Bergara, Lizoain, Lezo, Ardatz eta Urrotzen.
Urak aske dokumentalak natureagaz ditugun hartu-emonak ditu ardatz eta etorkizunean biodibersidadea jagoten segiduteko zer bide egin behar geunken irudikatzen lagunduko deusku: Normandian (Frantzia) bata eta Artikutza (Euskal Herria) dira urtegiak.
Vezinsetik eta Artikutzara 800 kilometro dagoz baina hango eta hemengo lanak aldi berean egin dira, baina ez modu berean. Lehenengoan, hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondoren, Sélune ibaia oztopatzen eban hormea kendu dabe. Bigarrenean, naturea leheneratu egin da, nahiz eta 42 metroko altuerako hormeak zutunik jarraitzen dauen. Mundu osoko ikertzaileen interesa sekulakoa da. Artikutza Euskal Herrian kokatua dago. Urumearen arroaren goialdean, Goizuetako udalerriko finka hori mende luzez ustiatu eben modu intensiboan, Edozelan be, XX. mendearen hasieran, Donostiako Udalak erosi eban Artikutza, uriko ur-horniketa beharrak asetzeko eta hango aktibidade guztia bertan behera itxi eban. Gaur egun, Kantauri itsasoko ertzeko lekurik naturalenetako bat da.
Añarbeko urtegia egin ondoren, Artikutzakoa zeregin barik geratu zan eta 2017an hutsitzen hasi ziran, naturea leheneratzeko asmoz. Lanak astiro-astiro egin zituen eta, hasierako inpaktuaren ondoren, natureak berreskuratu egin dau hamarkada luzez urpean egondako eremua. Hormatzarra, ostera, oraindino zutunik dago, presea kentzeko prozesua uste baino arazo gehiago emoten dagoalako.
Presak kendu, ibaiak berreskuratu goiburua dauen dokumentalak 74´ irauten dau eta natureagaz ditugun hartu-emonak ditu ardatz, erakusten dituan ekimen bien bitartez; batak, Donostiako Udalak Artikutzan egindakoak desagertzeko zorian dagoan muturluze piriniotarrari bizirik irauteko aukerea emon deutso. Bestean, Normandian, Vezins presea kendu dabe, izokina Sélune ibaira bueltau daiten.
Urtegia hutsitzeak eta naturearen leheneratze-prozesuaren arteko loturea Miren Gojenola Arriagak zuzendutako proposamen artistikoaren bitartez be irudikatzen da film luzean.
Dokumentala Elhuyar-ek eta Pixel-ek produzidu dabe. Zuzendaria eta gidoigilea Bego Zubia Gallastegi Elhuyarreko kidea da eta erretratugintzea, barriz, Juantxo Sardon Altuna, Pixeleko kidearena izan da. Dokumentalean entzuten dan musikea sortu dau Igor Arroyo Regeirok. Protagonisten artean dagoz, besteak beste, Arturo Elosegi, EHUko Ekologiako katedraduna; Jorge González, Biologian doktorea eta Desma Estudios Ambientales enpresako kidea; eta Miren Atristan eta Amaiur Esnaola, EHUko ikertzaileak. Lanketa artistikoan, azkenik, Agurtzane Intxaurraga, Myriam Pérez Cazabón eta Ainara Ortega ibili dira, beste batzuen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!