Zinema liburuak aurkeztu ditue Bilbon
2022-02-18 13:50 ZinemeaSantos Zunzunegui eta Asier Aranzubiarenak dira.
Zinemeari buruzko liburuen aurkezpena egin dabe gaur Bilboko Arte Eder Museoan, batetik, Santos Zunzuneguik idatzitako Profundidad de campo. Mis historias de Cine II. Haren jatorria Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Eder Museoan egindako zinema-ziklo bat da; bertan, Santos Zunzuneguik ikuspegi personala emon eban, mobiduten diran irudiakaz ditugun hartu-emonen gainean. Eta, bestetik, Asier Aranzubiaren Conexiones. Un diálogo con Santos Zunzunegui, zinemearen analista eta historialari horregaz egindako alkarrizketa bat jasoten dauena.
Santos Zunzunegui
Profundidad de campo. Mis Historias de Cine II. Shangrila Textos Aparte alkartea, 2022
Azpitituluak dinoan bezela, Profundidad de campo sekuela bat da. 13 kapituluz dago osotua eta kapitulu horreetako bakotxean, 2019/2020 ikasturtean Bilboko Arte Eder Museoan eta Donostiako Tabakaleran hautatutako eta erakutsitako film bat lantzen da.
Santos Zunzunegui Díez (Bilbao, 1947)
Ikus-entzunezko Komunikazino eta Publizidadeko (UPV/EHU) katedradun emeritua da, semiologoa, analista eta zinema historialaria. Irakasle gonbidatu lez jardun dau Europako, AEBetako eta Hego Amerikako hainbat unibersidadetan eta Espainiako Semiotikako Alkarteko burua be bada. Luze eta zabal argitaratu dau semiotikeari, espainiar zinemearen historiari eta analisi filmikoari buruz eta aparteko monografiak argitaratu ditu (Robert Bresson eta Orson Welles). Sari aitagarriak jaso ditu, besteak beste, Francisco Ayala Nazinoarteko Saiakera Saria, La mirada plural (2008) lanagaitik eta gaztelaniazko Saiakerearen alorreko Euskadi Literatura Saria (2018), Bajo el signo de la melancolía. Cine, desencanto y aflicción liburuagaitik. 2021ean, Mis Historias de Cine sailaren lehen liburukia kaleratu eban, Imagen sobre imagen izenburuagaz eta horren jarraipen legez argitaratu da, orain, Profundidad de campo. Mis Historias de Cine II (2022).
Asier Aranzubia
Conexiones. Un diálogo con Santos Zunzunegui Shangrila Textos Aparte elkartea (2022).
Irakaslearen eta haren dizipuluaren arteko alkarrizketa luze baten emoitzea da eta, neurri batean, era horretako hartu-emonek aspalditik irakaskuntzearen eremuan izan daben oinarrizko zereginaren aldarrikapena be bada.
Asier Aranzubia Cob (Bilbao, 1973)
Espainiako zinemearen historialari eta analistea da. 2005. urtetik, Madrilgo Carlos III.a Unibersidadeko Komunikazino Saileko irakaslea da eta Diversidad Audiovisual ikerketa taldeko kidea. Taldean egindako hamarka liburutan parte hartu eta hogei artikulu baino gehiago argitaratu ditu aldizkari akademikoetan. 2007. eta 2017. urteen artean, kritikari lanak egin zituan aldizkari espezializatuetan, Cahiers du Cinéma. España eta Caimán. Cuadernos de cine aldizkarietan. Carlos Serrano de Osma. Historia de una obsesión liburuaren egilea da (Filmoteca Española, 2007), saritua izan zana Espainiako Zinema Alkartean ikerketa lan onena, hain zuzen be, baita Alexander Mackendrick (Cátedra, 2011) liburuarena be. Antologia bi koordinau ditu Shangrila alkartearentzat: Los mecanismos comunicativos del cine de todos los días. Antología del colectivo Marta Hernández y Javier Maqua en Comunicación XXI (2016) eta Carlos Serrano de Osma. Sombras iluminadas (2019). Gaur egun, Zinema Akademiaren beka bati esker eta Santiago de Compostelako Unibersidadeko katedraduna dan José Luis Castro de Pazegaz lankidetzan, Ikerketa eta Esperientzia Zinematografikoen Institutu/Zinematografiako Eskola Ofizialeko (1947-1976) produkzino zinematografikoari buruzko ikerketa bat egiten dabil.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!