Asier Altunaren 'Hondalea' filma Bilbon eta Iruñan estreinauko dabe

Bizkaie! 2022-02-18 08:47   Zinemea

Bilbon zezeilaren 22an eta 27an eta Iruñan, martiaren 3an.

Asier Altunaren Hondalea filmak Golem Arte zikloan parte hartuko dau eta laster Bilbon eta Iruñean ikusi ahal izango da. Cristina Iglesias eskultorearen lana dokumentetan dauen film hau hiru saiotan programau dabe Bilboko Golem Alhondigan: datorren martitzenean, zezeilaren 22an, 17:30ean eta 19:30ean eta 27an, domekan, eguerdiko 12:00etan. Gainera, Iruñean, Golem Baionak proiekzino bi izango ditu martiaren 3an,eguenean, 18:00etan eta 20:15ean. Sarrerak 6 euroan dagoz.

Golem Arte zikloak egungo museo eta instalazino artistiko onenen ibilbidea proponiduten dau. Altunaren filmaz gan, honako honeek be programau dira: El sueño de Sigena, Las obras de Da Vinci, El museo Hermitage, el poder del arte, Lucian Freud: un autorretrato, Joyas ocultas del impresionismo.

Donostiako 69. Nazinoarteko Zinemaldian estreinautakoa, Hondalea, Bilboko Arte Eder Museoan edo Donostiako Trueba zinema-aretoetan hainbat saio berezitan be erakutsi dabe. Filma Cristina Iglesias eskultorearen ibilbideko lanik garrantzitsuena izan daitekeen Hondalea lanari hurreratzen jako. Donostiako Santa Klara ugarteko Itsasargiaren Etxean esku-hartzea. Ugarteko natura basatian eta euskal kostaldeko geologia bikainean oinarrituta, Cristina Iglesiasen eskultureak itsasargiaren barrualdea eraldatzen dau, zaharbarriztuz eta eskultura-espazio zorabiagarri bihurtuz. Estratu geologiko urtuek eta olatuen eta mareen erritmoan doan urak esperientzia sakonera erakarriko dabe bisitaria. Pelikulan obrearen eraikuntza-prozesua kontetan da.

Asier Altunak idatzi eta zuzendu eta Marian Fernandez Pascalek produzidu dau. Hondalea filmak 63 minutuko iraupena dau eta Asier Altuna, Javier Agirre Erauso (Goya saria Handia lanagaitik) eta Txarli Argiñano ditu erretratugintza-ekipoan. Alazne Ameztoyk (Goya saria La trinchera infinita lanagaitik) zuzeneko soinua sinatzen du eta Xanti Salvador soinuaren edizio eta nahasketez arduratzen da. Muntaia Laurent Dufrechek (Goya saria Handia lanagaitik) egin dau eta musikea Aitor Etxebarriak. Txintxua Filmsek (Intimidad, Hondar Ahoak, Oreina, Amama, Bertsolari) produzidu dau, EiTB eta Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Artingenium, Estudio Cristina Iglesias, Banco Sabadell eta Basque Audiovisualen babesari esker.

Asier Altuna

Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa. 1969) lau film labur zuzendu ditu eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu dau Bertsolari (2011, lehiaketaz kanpo) eta Amama (2015) filmakaz, azken horri esker Irizar Saria jaso eban. 2020an, ARZAK since 1897 aurkeztu eban Culinary Zinema sailean. Telmo Esnalegaz batera: batetik, Txotx (1998) eta 40 Ezetz (1999) film laburrak; eta bestetik, Aupa Etxebeste! (2005) ‒Donostia Zinemaldian lehiatu eta Gazteriaren Saria irabazi ebana‒ eta haren jarraipen Agur Etxebeste! (2019) zuzendu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu