Ikerbasquek 20 zientzialari gazte kontratetako deialdia edegi dau

Bizkaie! 2022-01-12 13:51   Pil-pilean

Eskaerak martiaren 15era arte aurkeztu daitekez.

Gaur, Ikerbasquek Research Fellow programearen 2022ko deialdia martxan jarri dau. Programa horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak goi mailako ikertzaile gazteen harrobia sustatu gura dau. Aurreko deialdien erantzun handiz egin ondoren (80 lagun kontratau ditue daborduko).

Research Fellow programeak alde batetik, atzerrian lanean dagozan zientzialariak erakartea dau helburu eta, bestetik, Euskadin ikertzen dabizenei euren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea. Deialdi honen bidez emakume ikertzaileen kontratazinoa eta Euskaditik kanpo lanean dagozan euskal ikertzaile gazteen itzulerea bultzatuko da. Oraingoz Ikerbasquek 17 herri ezbardinetako 80 ikertzaile kontratau ditu, 45 gizon eta 35 emakume, hain zuzen be.

Ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua daben mundu osoko ikertzaileek aurkeztu leikiez eskaerak Ikerbasque Fundazinoaren webgunearen bidez (www.ikerbasque.net ) martiaren 15arte. Plazetara aurkezten diran ikertzaile guztien nazinoarteko ebaluazino-prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen erispideen arabera.

Bost urtetarako lanpostuak eskaintzen ditue. Azken urtean ikertzaileak balorau eta plaza iraunkorrak lortzeko aukerea izango dabe. Aukeratutako zientzialariek Euskadiko unibersidade eta ikerketa zentroetan eta jakintza arlo guztietan egingo dabe lan, baita zientzia esperimentaletan (Biologia, Kimika, Fisika), bai medikuntzan, matematika, injinerutzan, gizarte zientzietan eta giza zientzietan be.

2021. urtean, Ikerbasquek 4 miloe euro lortu zituan Europako Batzordetik programa honetarako, garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat aukeratua izan ondoren. Beraz, Ikerbasqueren proposamenak nazinoarteko adituek emondako puntuazino gorena lortu eban, 100 puntutik 99,4. Ikerbasquek hurrengo 4 urtetan 100 ikertzaile kontratetako asmoa dauka eta horreetatik 36 Europako Batzordeak finantziauko ditu.

Eusko Jaurlaritzeak programea kofinantzietan dau, Euskadin zientzia sustatzeko dauen konpromisoaren adierazle. Kontratazino barri horreek Eusko Jaurlaritzako IKUR ekimena indartzeko asmoa dabe, lehentasunezko zientzia-gaietan bikaintasunezko zientzia bultzatzea dau helburu, holan, produkzino-sisteman aberastasuna sortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu