Bilboko Salbeko Zubia, ONCEren kupoietan

Bizkaie! 2022-01-05 09:38   Pil-pilean

Zabaldu zanetik mende erdia beteko da asteon.

Udaletxean aurkeztu dabe kupoia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, urtarrilak 5, ONCE erakundeak egingo dauen ohiko zozketako kupoien irudia Bilboko Salbe Zubia da, aurten EAEri eskainitako lehenengo kupoia hain zuzen. Uriaren erdigunean itsasadarraren alde biak lotzen dituan zubi ezaguna eta haren ezaugarri bihurtu diran arku gorriak ez eze, Guggenheim Museoa be agiri da 5,5 miloe kupoietan.

Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan aurkeztu dabe kupoiaren diseinua Juan Mari Aburto Bilboko alkateak; Juan Carlos Andueza ONCEren Euskadiko lurralde-ordezkariak; Usue Vallejo ONCEren Euskadiko eta Kantabriako joko-buruak eta Jesús Mª Puebla ONCEren agente saltzaileak.

ONCEk EAEko ekitaldi eta gai esanguratsuak agertzen ditu lantzean behin kupoietan, herritarrei eskertzeko erakundearen jokoetan daben konfiantzea. Izan be, helburu soziala dau ONCEren zozketeak eta gogoan izan behar da EAEn 3.400 itsu inguruk jasoten dituela beharrezko prestazino sozial eta teknikoak erakunde horren eskutik.

Salbeko zubia 1972ko urtarrilaren 9an edegi eben, hortaz, mende erdia beteko dau asteon. Juan Batanero injineruaren lana da, eta sasoi haretako aurreratuenetako bat izan zan kable tirantedunen sistemeari eta metalezko tauleari esker. 23 metroko altuera nabarmenari esker, azpitik era guztietako ontziak pasau leitekez.

Zubiak Salbe izen ofiziala dau 2016tik. Igongailuak ditu itsasadarraren eskumako ertzean, Giltza bat izeneko mila metro kuadroko horma-irudiaren aurrean, eta ezkerraldeko kaietan Guggenheim Museoa dago.

Gaur egungo Salbe Zubiaren diseinua 2007an amaitu zan, Daniel Burenen L´Arc Rouge (Arku Gorria) obrea inaugurau zanean, zubiaren zutabeen ganean jarria. Kolore gorria eta argi-jokoak dira instalazino horren ezaugarriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu