Olentzero eta Mari Domingi Bilboko umeakaz izango dira barikuan

Bizkaie! 2021-12-21 09:35   Pil-pilean

Pandemiak eragindako murrizketakaitik, gehienez 2.500 neska-mutilentzako lekua dago. 

Olentzero eta Mari Domingi (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasun egoereak behartuta, Bilboko Udalak ez dau Olentzero eta Mari Domingiren kalejirarik antolatuko aurten, baina horren ordezko ekitaldiaz gozau ahal izango dabe uriko 2.500 umek. Arriaga Antzokian izango dira Olentzero eta Mari Domingi barikuan, hilak 24, goizean, galtzagorriakaz batera egingo daben ikuskizunean.

Hiru saio izango ditu ikuskizun horrek, ahalik eta ume gehien sartu daitezan. Goizeko 09:30ean, 11:15ean eta 13:00etan hasiko dira eta magiaz eta ilusinoz betetako eguna izango dala agindu dau Udalak. Hiru txandak kontuan hartuta, 2.500 ume sartu ahal izango dira Arriagan, igaz antolatutako ekitaldian baino mila gehiago.

Olentzero eta Mari Domingigaz batera, galtzagorriak, lamiak eta mitologiako beste personaia ugari ezagutu ahal izango doguz ikuskizunean. Musikea eta antzerkia buztartuko ditu saioak. Bestetik, emonaldi bakotxaren aurretik, galtzagorriak Arriaga Antzokiaren sarreran egongo dira umeen gutunak hartzen.

Arriagara joateko aurretik sarrerea erosi beharko da, euro biko prezio sinbolikoan (hemen). Erosle bakotxak lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez. Udalak eskatu dau helduek sarrerak neurriz erostea, ahalik eta ume gehien sartu daitezan. Batutako dirua Norai alkarteari emongo deutse.

Arriagako hitzorduaren aurretik, Olentzerok eta Mari Domingik bisitea egin dabe udaletxera. Itziar Urtasun zinegotziak egin deutse harrerea. Osasun arloak eragindako ardurea gogoan, zinegotziak zein Olentzero eta Mari Domingik erantzunkizunez jokatzeko eskatu dabe, baina ilusinoa eta poztasuna ahaztu barik.

Hasi da atzeranzko kontaketea, urteko eta 2021 honetako unerik xarmagarrienetako baterako, Olentzero eta Mari Domingi helduko diralako pozez beteta Bilbora, Gabonetako uriburura, eta zehetasunik txikitxuena be jagonda, adierazo dau Urtasun zinegotziak.

Olentzerok eta Mari Domingik azpimarratu dabe umeak zintzo-zintzo portau dirala eta opariak ekarteko gogoz dagozala. Urtasunegaz egindako agerraldian, umeen gutunetan topau dituen eskariak, pasadizoak eta halakoak kontau ditue, eta 2022rako desiorik handiena osasuna dala ganeratu dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu