Miren Basarasi autortzea egin deutse biologoen alkargoek

Bizkaie! 2021-11-25 12:16   Pil-pilean

EHUko mikrobiologoa Covid-19aren pandemian egindako lanagaitik sarituko dabe.

Miren Basaras (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Biologoen Alkargo Ofizialaren Kontseilu Nagusiak eta Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak modu publikoan egin deutse autortzea EHUko mikrobiologo eta ikertzaile Miren Basarasi, Covid-19aren pandemian diziplina ugaritako lankidetzearen bidez osasungintzako aurrerapena bultzatzeko egin dauen ahaleginagaitik. 

Zemendiaren 26an, barikuan, ekitaldi berezia antolatu dabe Madrilen, Complutense Unibersidadean, Basaras eta pandemiari aurre egiten ibili diran beste profesional batzuen omenez. Jentartean zabaldu eta agirian jarri nahi dogu zer ahalegin egin daben biologiako profesional sakrifikatuok

Zehatz esanda, hiru sari emongo ditue ekitaldi horretan, eta Basarasek Pandemian diziplina ugaritako lankidetzearen bidez osasungintzan egin diran aurrerapenen autorpena izenekoa jasoko dau. Ikerlari bizkaitarra erreferentea izan da pandemiaren kontrako burrukan; bai egin dauen ikerketagatik, bai komunikabideetan egin dauen lan didaktikoagaitik, eta bai birusaren bahetze-programetan eta bestelako eginkizunetan boluntario lez egin dauen lanagaitik be. 

Biologoen alkargo bietako autortzea pozarren hartu dau Basarasek: Lankidetzea beti da nahitaezkoa zientziak aurrera egin behar badau; eta pandemia honek egunero gogorarazo deusku hori. Zientziaren dibulgazinoa gutako bakotxaren ezagutzea gizarteari hurreratzeko egin beharreko lana da.

Miren Basaras Ibarzabal (Bilbo, 1968) Biologian lizentziaduna da EHUn, eta 1995an lortu eban doktoretzea, Detección de RNA en la infección por VHC. Implicación en la terapéutica de las hepatitis crónicas izeneko tesiari esker. Gaur egun, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko kide da, eta irakaslea Medikuntza eta Erizaintza Fakultadean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu