Hiru euskal film erakutsiko ditue New Yorken
2021-11-08 12:53 ZinemeaZemendiaren 16tik 18ra egingo dabe New York City Basque Film Festival.
Igazko etenaldi behartuaren ostean, bueltan da New York City Basque Film Festival, AEBetako uririk handienean euskal zinemagintzeari lekua egiten deutsan jaialdia. Datorren astean, zemendiaren 16tik 18ra bitartean da aurtengo hitzordua, Manhattan barrutiko Village East Cinema areto historikoan. Etxepare Euskal Institutua eta Eusko Jaurlaritzearen Estadu Batuetako ordezkaritzea dira antolatzaileak.
Hiru film proiektauko ditue: Lara Izagirreren Nora, Roberto Castonen Ander eta Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia. Euskerazko bersinoa ikusi ahal izango da New Yorken, ingelesezko azpitituluakaz.
Egitarauko hiru pelikuletatik barrienak zabalduko dau zikloa, 2020an aurkeztu eta 2021ean zinema-aretoetan estreinautako Nora-k, hilaren 16an. 30 urteko neska gazte batek euskal kostaldean egiten dauen bidaia bitxia da road-movie honen oinarria. Bidean, bizitzearen eta bere buruaren inguruko jakingarri ugari ikasiko ditu Norak. Emonaldiaren ostean, Lara Izagirre zuzendariak eta Estadu Batuetako ordezkari Unai Telleriak egingo dabe berba Village East Cinema aretoan.
Zemendiaren 17an, 2009ko Ander ikusi ahal izango da. Film apurtzailea izan zan, Euskal Herritik eta euskeratik heldu eutselako LGTBI komunidadearen ardurei. Protagonistak baserri giroko gizon bi dira, eta alkarregaz maiteminduta dagoz. Roberto Castonen filmak ibilbide oparoa egin eban aretoetan zein era guztietako jaialdietan.
Azkenik, 18an, Handia ikusi ahal izango da New Yorken, euskal pelikularik arrakastatsuenetako bat, publikoaren erantzunari zein kritikarien eretxiei kasu egin ezkero. Altzoko Handiaren historian oinarritutako kontakizunak sari eta izendapen esanguratsuak izan zituan, esate baterako, Zinemaldiko Irizar Saria, hamar Goya... Zinema-aretoetan, 150.000 lagunek ikusi eben Jon Garaño eta Aitor Arregiren filma, euskerazko pelikula batek sekula izan dauen kopururik handiena.
New Yorken eta inguruetan bizi dan euskal komunidadearentzat zein euskal zinemagintzea hobeto ezagutu nahi daben zaleentzat hitzordu aproposa da, beraz, datorren astekoa. 2019ko edizinoan proiektau ziran lau pelikulak ikusteko 500 lagun inguru batu ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!