Hainbat euskal sortzaile irabazle Latinoamerikako Platino Sarietan

Bizkaie! 2021-10-05 08:40   Zinemea

Patria telesaileko aktoreak eta Akelarre pelikulako musikea nabarmendu ditue.

Arantzazu Calleja, Elena Irureta eta Maite Arroitajauregi, Platino sariak eskuan | Ikusi handiago | Argazki originala

Txilen, Kolonbian, Espainian, AEBn, Ekuadorren, Perun eta Uruguain lanean dabilen EGEDA alkarteak eta FIPCA Ikus-entzunezko eta Zinemako Produktoreen Iberoamerikako Federazinoak antolatzen ditue Platino Sariak. Madrilen emon ditue aurtengo edizinoko sariak, eta euskal sortzaileak egon dira protagonisten artean, kategoria ugaritan irabazle izan dira eta.

Telesailen atalean, Fernando Aramburu idazle donostiarraren nobelan oinarritutako Patria izan da lanik sarituena, sei kategoriatan irabazi dau. Tartean, telesail horretako Elena Irureta eta Loreto Mauleon aktore gipuzkoarrek eroan ditue emakumezko aktorerik onenaren eta bigarren mailako aktorerik onenaren sariak, hurranez hurran.

Aitor Gabilondok, ostera, telesail onenaren sortzailearen saria eskuratu dau Platino Sarien galan.

Zinemearen atalean, ostera, Héctor Abad Faciolinceren El olvido que seremos filma izan da jaun eta jaube, sari garrantzitsuenak irabazita. Baina, atal honetan be, euskal sortzaile batzuk sartu dira palmaresean. Hain zuzen be, Pablo Agueroren Akelarre pelikularako egindako musikeagaitik, Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi, Mursego, saritu ditue. 

Ez da Calleja eta Arroitajauregiren lan musikalari autortzea egiten deutsen lehenengo aldia. Espainiako zinemagintzearen Goya Sarietan be musikarik onenaren saria irabazi eben. Oraingo honetan, Latinoamerika osoko produkzinoak kontuan hartzen dituen Platino Sarietan nabarmendu da bikote artistikoa. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu