Historiari bueltea emongo deutso 9. Santurzinek

Bizkaie! 2021-08-13 09:14   Zinemea

Urriaren 1etik 16ra egingo dan jaialdiak kartela aurkeztu dau.

Historiari keinua egingo deutso Santurzine ikus-entzunezkoen jaialdiaren 9. edizinoak, memoria historikoa landuta eta iraganari bueltea emonda. Urriaren 1etik 16ra izango da aurtengo Santurzine, baina kartela dagoeneko prest dago.

Satomi Hasobuchi modelo japoniarra da karteleko protagonistea: Gerra Karlistetako jantzia soinean agiri da, VHS zinta bat airera jaurtiten. Kartelaren egile Javier Traperok azaldu dauenez, historiari keinua egitea izan da asmoa, eta VHS zintearena anakronismo lez sartu dau.

Serantes mendia be ikusten da kartelean, atzeko aldean. Santurtziko ikurretako bat izateaz gan, Serantes Gerra Karlistetako agertoki nagusietako bat be izan zan: 1875eko martiaren 13an, karlisten eta liberalen arteko batailea egon zan han. 

Behin kartela aurkeztuta, Santurzineko antolatzaileek 9. edizinoaren prestakuntzan segiduko dabe. Lau atal nagusietara ikus-entzunezko lanak bialtzeko epea amaituta, 847 produkzino jaso ditue. Espainiako lanak, Euskal Pantailak, Ibiltariak eta Kalean dira lau atalok.

Bosgarren atal bat be badago, Santurtzi izenekoa, 15 minutu baino gitxiago daben eta eszenaren baten Santurtzi erakusten daben filmentzat. Sail horretara lanak bialtzeko epea zabalik dago oraindino, irailaren 12ra arte.

Era berean, bigarren urtez, Santurtziko Zine Lantegia jardunaldiak egingo ditue 9. Santurzineren barruan, ikus-entzunezkoen eta zinemagintzearen industriako profesionalei zuzenduta. Horren parte izango da urriaren 2ko Sorkuntza Foroa. Jaialdiaren zein jardunaldien egitarau zehatzak aurrerago jakin eragingo ditue. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu