Seinale adimendunak ipini ditue Getxoko hiru ibilbidetan
2021-08-05 13:40 Pil-pileanDeapie egitasmoaren bidez herria ezagutu nahi dabenei informazino hobetua emongo deutse teknologia barriei esker.
Getxoko Udaleko Turismo Unidadeak egitasmo pilotu bati ekin deutso, hau da, Deapie sarearen parte diran hiru ibilbidetan seinale adimendunak ipini ditue, bisitariei herriko ondarea modu erakargarriago baten erakusteko. Areeta eta Romon dagoz hiru ibilbideok, eta 45 mugarri edo totem adimendun jarri ditue leku esanguratsuetan.
Era horretara, QR kode baten edo Inventrip aplikazinoaren bidez, ibilbidea egin nahi dabenek eskuko telefonoan edo tabletean deskargau ahal izango dabe informazinoa. Mugarri bakotxak erakusten dauen lekuko informazinoa, kokapena, jateko lekuak, iradokizunak eta beste datu jakingarri batzuk erraz-erraz konsultau ahal izango dira.
Beste urrats bat da Getxo helmuga turistiko adimendun bihurtzeko , komunikazino arin eta atseginagaz, era guztietako jentearentzat, bertokoentzat zein bisitarientzat, azaldu dau Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak.
Deapie sarean 14 ibilbide autogidatu dagoz, bakotxa Getxoko historiaren, ondarearen edo auzoen zati bat erakusteko prestatua. Pertsonaia historiko bat da ibilbide bakotxaren ardatza. Esate baterako, seinale adimendunakaz hornidu dituen hiru ibilbideetan Francisca Labroche, Evaristo Churruca eta Felipa Bustingorri dira protagonistak. Proba pilotuak ondo urten ezkero, teknologia hau 14 ibilbideetara zabaltzea da Getxoko Udalaren asmoa.
Ekimen horren osogarri, interpretazino-mahaiak jarri ditue jente asko batzen dan lekuetan, esate baterako, Bizkaia Zubia plazan, Areetako Geltokia plazan, La Bola hondartzan, Portu Zaharrean eta Galea pasealekuan, Aixerrota ondoan.
Udalak jakitera emon dauenez, guztira 70.500 euroko inbersinoa egin behar izan dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!