Chema García eta Cristina Fraile, euskal ordezkariak Locarnoko jaialdian
2021-08-05 09:25 ZinemeaAbuztuaren 4tik 14ra egiten dabiz 74. edizinoa.
Euskal zinemagintzeak ordezkaritzea izango dau Suitzako Locarnoko Nazinoarteko Zinema Jaialdiko 74. edizinoaren egitarauan, Chema Garcia Ibarra zuzendaria eta Cristina Fraile produktorea bertan izango diralako. Garciak, hain zuzen be, bere lehenengo film luzea aurkeztuko dau, Espíritu sagrado.
Zinemagintzearen alorrean munduko topaketa ospetsuenetako bat da Locarnokoa, eta, beraz, plaza ezin hobea aukeratu dau Garciak bere opera prima aurkezteko. Apellaniz y de Sosa, Jaibo Films, La Fábrica Nocturna Cinema eta Teferruat Film etxeek produzidu dabe Espíritu sagrado, misterioa, fantasia eta fenomeno paranormalak buztartzen dituan film esoterikoa.
Objektu Ezezagun Hegalarien bila ibilten dan talde bat da pelikulearen ardatza. Julio, taldeko liderra, ezustean hilko danez, José Manuelek hartuko dau lekukoa: bera da Lurraren etorkizuna aldatu leiken sekretu kosmikoa ezagutzen dauen bakarra. Desagertutako neska baten kasuak gehiago nahastauko dau taldearen jarduna.
Cristina Fraile zinemagile eta produktorea, ostera, Locarnoko jaialdiaren barruko Match me! topaketan parte hartzen dabil, nazinoarteko produktoreen arteko hartu-emonak sendotzea helburu dauen hitzorduan, hain zuzen. Abuztuaren 2tik 8ra dago martxan Match me!.
Donostiako Maluta Films etxeko produkzino-burua da Cristina Fraile. Besteak beste, Apaiz kartzela eta Margolaria filmen atzean dago bere lana. Gizartearen eta historiaren zuztarrak jorratu dituan proiektuetan ibili da azkenaldion, giza eskubideetan arretea jarriz.
74. Locarnoko Nazinoarteko Jaialdia abuztuaren 4tik 14ra bitartean egiten dabiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!